Gizartea -

Bahiketa Bilbon

Epaitegiak urruntze agindua onartu die Basurtuko Ospitalean bahitutako jaioberriaren gurasoei

Emakumea ezingo da familiarengandik 500 metro baino gutxiagora egon, eta debekatuta du eurekin harremanetan jartzea. Bahitzailea atzotik dago ingresatuta Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Unitatean.

Bahitzailea Basurtuko Ospitaleko Unitate Psikiatrikoan dago, atzotik. Argazkia: EFE
Basurtuko Ospitalea.
Bahitzailea Basurtuko Ospitaleko Unitate Psikiatrikoan dago, atzotik. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Basurtuko Ospitalean bahitutako jaioberriaren familiak eskatutako urruntze agindua onartu du Bilboko 9. zenbakiko Instrukzio Epaitegiak, iturri juridikoek jakinarazi dutenez.

Agindu horren arabera, 24 urteko emakumea ezingo da familiarengandik 500 metro baino gutxiagora egon, eta debekatuta du eurekin harremanetan jartzea. Bahitzailearen abokatuak ez du eskaeraren kontra egin.

Atzotik, berak eskatuta, Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Unitatean dago ingresatuta bahitzailea. Aimar jaioberria bahitu eta biharamunean atxilotu zuten emakumea. Larunbatean, behin-behinean aske utzi zuen guardiako epaileak.

Epailearen aurrean egindako deklarazioan, egindakoa aitortu zuen andreak, eta ospitale psikiatriko batean sartzea eskatu zuen. Auzitegiko medikuek ez zuten, ordea, beharrezko ikusi. Hori baztertuta, bere borondatez ospitaleratuko zela jakinarazi zuen defentsa abokatuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Bahiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Basurtuko ospitalea Umeak