Gizartea -

ALDAKETA KLIMATIKOA

Bero boladak % 57 hazi dira azken hamarkadan Europan

'The Lancet' aldizkariak argitaratutako txostenaren arabera, egoera oso larria den arren, bada itxaropenerako zantzurik. Mundu mailako erantzun bateratu eta koordinatu batek energiaren krisia arintzea lortuko luke, erregai garbien aldeko apustua erdigunean jarrita.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Osasunari eta klima aldaketari buruzko atzerako kontaketa' goiburupean, urteroko txostena kaleratu berri du The Lancet osasun arloko mundu mailako aldizkari sonatuenetakoak, eta aurrekoetan bezala, bertan jasotzen diren ondorioek berotegi efektuaren larritasuna agerian uzten dute. Mundu osoko gobernuek eta enpresek martxan dituzten estrategiek pertsona guztien biziraupena ari dira arriskuan jartzen, egungo belaunaldiena eta ondorengoena. Hori da ondorio nagusienetako bat.

Europako herrialdeei buruzko atal berezi bat jasotzen du txostenak, eta bertan tenperatura altuek edota beroaldiek osasunean eragiten duten kalteaz ohartarazten da, zenbait datu plazaratuz. Horien arabera, Mediterraneo isurialdeko herrialdeak dira, gaur egun, lurraren berotzearen epizentroak.

Hala, Europan, azken hamarkadan, beroaldiek nabarmen egin dute gora, bikoizteraino; 2010etik 2019ra % 57 hazi dira. Horrek guztiak, nabarmen handitzen du hilkortasun eta erikortasun arriskua, batez ere, pertsona zaurgarrienetan: adinekoak, haurrak, gaixotasun kronikoak dituztenak edota osasun arreta egokia jasotzeko aukerarik ez dutenak.

Txostenean parte hartu duten adituek nabarmentzen dutenez, bihotzeko arazoak eta arnas aparatuarekin lotutako gaixotasunak bereziki larriagotzen ditu muturreko beroak, eta buruko osasunarekin lotutako gaitzei ere kalte handia eragiten die. Halere, planeta osoko pertsona guztien biziraupena arriskuan jartzen du erregai fosilekiko mendekotasun iraunkorrak, eta herrialde bakar bat ere ez dago salbu.

Asteon argitaratutako txostenean 51 erakundetako 99 adituk hartu dute parte. Londresko College Unibertsitateak zuzentzen duen ikerketa da, besteak beste, Munduko Osasun Erakundearekin eta Munduko Metereologia Erakundearekin lankidetzan. Berotegi efektua neurtzeko adierazleak eta horiei buruzko datuak biltzen dira txostenean, mundu mailako egoeraren argazki zehatza eginez.

The Lancet aldizkariaren arabera, egoera oso larria den arren, bada itxaropenerako zantzurik. Mundu mailako erantzun bateratu eta koordinatu batek energiaren krisia arintzea lortuko luke, erregai garbien aldeko apustua erdigunean jarrita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Europako herrialdei buruzko albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Larrialdi klimatikoa NBEren klimari buruzko goi-bilera Energia aurreztea Bero-boladak azken ordukoa