Gizartea -
BASURTUKO BAHIKETA
Jaioberriaren bahitzailea Basurtuko psikiatria unitatean ingresatu dute
Emakumearen abokatuak EITB Mediari azaldu dionez, bart gauean, larrialdietan ospitaleratu dute, eta berak eskatu du psikiatria unitatean sartzea.
EITB MEDIA
Iragan asteazkenean Basurtuko ospitalean Aimar jaioberria bahitu zuen emakumea erietxe horretako psikiatria unitatean ingresatu dute gaur goizean. 24 urteko emakumearen abokatuak EITB Mediari baieztatu dionez, bart gauean, larrialdietan ospitaleratu dute "zerbait oso larria eman diolako".
Guardiako epaileak larunbatean behin-behinean aske utzi zuen emakumea aparteko neurririk gabe. Horren arabera, ez dago ihes egiteko edo frogak suntsitzeko arriskurik, akusatuak gertakariak onartu dituelako, eta frogak lortu direlako.
Emakumeak egindakoa onartu zuen epailearen aurrean, eta psikiatria zentro batean sartzea eskatu zuen, bere abokatuak kazetarien aurrean azaldu zuenez. Egindakoaz damututa dagoela, eta une oro Aimar txikiaren osasun egoeraz galdetzen zuela gaineratu zuen.
Kronologia
Bahitzailea asteazken gauean, 21:00ak aldera, sartu zen Basurtuko Ospitalean eta, osasun langileen plantan jantzita, jaioberri bat bahitu, eta handik ihes egin zuen. Ospitaleko segurtasun kameren grabazioan, 23:00ak aldera ikusi zuten azkenekoz emakumea. Segurtasun Saila, orduan, emakumearen bila hasi zen.
Gau osoa gurasoengandik bananduta egon ondotik, jaioberria Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza baten atarian utzi zuen hurrengo goizean, onik eta salbu.
Emakumea ostegun goizean bertan atxilotu zuten Zorrotzan (Bilbo).