Gizartea -
OSASUNA
EAEko 500.000 herritarrek baino gehiagok osasun aseguru pribatua zuten iaz
Osasun aseguru bat duten EAEko herritarren kopuruak % 6,4 egin zuen gora iaz, 2019ko datuekin alderatuta. Guztira, mediku asegurua duten herritarren proportzioa % 23koa da.
EITB MEDIA
2021ean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi ziren pertsona guztien artetik 504.762k osasun aseguru pribatua zuten. 2019tik 2021era % 6,4ko igoera izan zen. Guztira, mediku asegurua duten herritarren proportzioa % 23koa da.
Lurraldez lurraldeko datuei erreparatuta, proportzio hori nabarmen handiagoa da Bizkaian (% 30,4), Araban (% 17,4) eta Gipuzkoan (% 13,6 ) baino. Dena dela, gorakada handiagoa izan da Araban (% 9) eta Gipuzkoan (% 9,5), Bizkaian (% 5,1) baino.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak Osasun Arreta Pribatuaren estatistika datuak argitaratu ditu gaur goizean. Horren arabera, EAEn lehen aldiz gainditu da milioi erdi aseguraturen langa.
Guztira, 1,6 milioi kontsulta ziren iaz; alegia, 3,1 aseguratu bakoitzeko. Kontsulta guztien % 11,3 lehen mailako arretari lotutakoak izan ziren (familia-medikuntza eta pediatria) eta % 88,7 (1,4 milioi) arreta espezializatukoak. Hurrenkerari jarraituz, hauek izan ziren eskaera handieneko espezialitateak: traumatologia (215.000 baino gehiago), obstetrizia eta ginekologia, oftalmologia eta dermatologia (hiru horietan, urtean 100.000 bisita baino gehiago).