Gizartea -
babes zibileko alertak
Horrelakoa izango da laster zure telefono mugikorrean jaso zenezakeen alerta mezua
Babes Zibilak alerta mezu bat bidaliko du laster telefono mugikor batzuetara, larrialdiren batez ohartarazi behar izatekotan, behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko. Nafarroan, azaroaren 2an hasiko dira probak eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, azaroaren 10ean.
eitb media
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioa, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, probak egiten ari da ES-Alert protokoloaren funtzionamendua egiaztatzeko, laster larrialdiak edo hondamendiak izan litezkeen eremu batean dauden herritarrei alertak bidaltzeko. Alderantzizko 112 gisa ere ezagutzen da sistema hori.
Soinu txistukari bat entzungo da telefono mugikor batzuetan, eta jakinaraziko du babes zibileko alerta sistemaren proba mezu bat dela, telefonia mugikorreko sareen bidez igorritakoa, eta ez dela ezer berezirik egin behar. Izan ere, behar bezala funtzionatzen duela ziurtatzeko proba bat da.
Hala, autonomia erkidegoetan probak egiteko egutegi bat aurreikusi dute. Larrialdiei erantzuteko zentroek, Barne Ministerioko Larrialdien Jarraipen eta Koordinaziorako Zentro Nazionalarekin koordinatuta, mezu simulatuak bidaliko dituzte, babes zibileko arriskuez ohartarazteko, baita txistua ere, bibrazioarekin batera, telefono mugikorretan mezua jaso dela ohartarazteko.
Nafarroan, datorren azaroaren 2an abiatuko da probetarako egutegia, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, azaroaren 10ean.