Gizartea -

KORONABIRUSA

Covid-19ak 12 hildako eragin ditu azken astean EAEn, eta 188 gaixo daude ospitaleratuta

Erietxeetan dauden pazienteen kopuruak behera egin du bai gela arruntetan, bai zainketa intentsiboen unitatean. Positiboek apur bat gora egin dute, eta horiekin batera, 14 eguneko intzidentzia metatuak.

Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.
Jendea Bilbon
Jendea Bilbon. Argazkia: EITB Media.

N. B. | Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19 gaitzak eragindako 12 hildako izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) urriaren 17tik 23ra bitarteko astean, aurrekoan baino zortzi gehiago, eta 188 gaixo daude erietxeetan, joan den astean baino 27 gutxiago, horietatik bost ZIUetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak astelehen honetan argitaratu duen buletin epidemiologikoaren arabera.

Guztira, covid-19 koronabirusaren 1.568 kasu positibo aurkitu dituzte EAEn azken astean, aurrekoan baino 175 gehiago, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 135,01 kasukoa da, aurreko astean 125,21 kasukoa zen bitartean.

Lurraldez lurralde aztertuta, Arabako 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 185,35 kasukoa da (aurreko astean, 204,13); Bizkaikoa, 127,87 kasukoa (110,04) eta Gipuzkoakoa, 118,93 kasukoa (109,75). Hiriburuetan, Gasteizko intzidentzia metatua 210,63 kasukoa da; Bilbokoa, 163,13 kasukoa eta Donostiakoa, 98,85 kasukoa.

Bestalde, covid-19arekin infektatutako pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen duen oinarrizko ugalketa tasa 1,03 da erkidego mailan (aurreko astean 1,02). Lurraldez lurraldekoa aztertuta, 0,92 dute Araban (0,92), 1,07 Bizkaian (1,10) eta 1,04 Gipuzkoan (1,00).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirusa