Gizartea -

TXERTAKETA

Osakidetzak Kabiezesko 50 umeri immunitate azterketa egin die, txertoak ondo jaso dituzten argitzeko

Hainbat familiak zalantzak agertu ondoren, Santurtziko ume batzuei analisiak egin zaizkie ongi immunizatuta dauden egiaztatzeko. Osasun Sailak esan du, orain arteko informazioarekin, "behin betiko ondorioak" ateratzeko "goizegi" dela.

Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den hilean, Osakidetzak ikerketa bat jarri zuen abian Kabiezesko (Santurtzi) osasun zentroko haur batzuk ondo txertatuta ote dauden argitzeko, horien familiek zalantzak agertu ostean. Hain zuzen, erizain baten jarduna ari dira ikertzen, susmoa zabaldu zelako adin txikikoei zegokien txertoa ipintzen ez ziela.

Horren harira, osasun zentro horretako 50 bat umeri analisiak egin zaizkie, Osakidetzak jarri ohi dituen txertoak jasota dituzten egiaztatzeko. Immunizazio maila aztertu diete, eta antigorputzen maila egokirik atzeman ez duten kasuei dosi gehigarria eskaini zaie, "txertaketa egokia" lortzeko. Hala jakinarazi du gaur Osasun Sailak, ohar labur baten bidez. Bertan, ez du zehaztu zenbat kasutan atzeman den behar baino immunizazio maila baxuagoa.

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIko pediatria zerbitzuak egin ditu probak, eta ikerketa oraindik martxan dago. Oharrean jakinarazi dutenez, orain arteko informazioarekin, "behin betiko ondorioak" ateratzeko "goizegi" da. "Gaur egun, haurrentzat immunitaterik onena bermatzea da garrantzitsuena, eta proba gehiago egiten jarraituko dugu", esan du Osakidetzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Osakidetza Santurtzi bideoak Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Txertoak azken ordukoa Umeak albisteak gaur