Gizartea -
HAIZEA
SOS Deiak larrialdi zerbitzuak haizeak eragindako 780 gertakari erregistratu ditu
780 gertakarietatik 288 hiriguneetan gertatu dira, eta 492, ostera, errepideetan.
EITB MEDIA
Haizeak gogor astindu ditu Euskal Herriko bazterrak azken orduetan, eta han eta hemen, arazoak sortu dira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur zabaldutako informazioaren arabera, haizeak eragindako 780 gertakariaren berri jaso dute SOS Deiak larrialdi zerbitzuan: 302, Araban; 307, Bizkaian eta 171, Gipuzkoan.
780 gertakarietatik, 288 hiriguneetan gertatu dira, eta 492, ostera, errepideetan.
Kasu gehienetan, erorketak izan dira: zuhaitzak, argindar eta telefono zutoinak, bide seinaleak, etab.
Haize zakarra bitarteko, bederatzi hegaldi desbideratu behar izan zituzten atzo Loiuko aireportuan.
Atzoko haize bolada bortitzen ondoren, gaur pixkanaka-pixkanaka, behera egingo du, baina oraindik ere bolada gogorrak izango dira han-hemenka, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Dena dela, arratsalde erditik aurrera baretu egingo da.