Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Ertzaintzak 38 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon sexu-eraso bat leporatuta
Atxilotuaren etxean bertan izan zen erasoa. Emakumezko biktima bera izan zen laguntza eskatu zuena, leku seguru batera iristea lortu zuenean.
eitb media
Ertzaintzak 38 urteko gizonezko bat atxilotu du Bilbon emakume bati sexu-erasoa egitea leporatuta.
Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, erasoa atzo, ostirala, arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera gertatu zen ustezko erasotzailearen etxean, Bilbon.
Biktimak emandako informazioaren eta Ertzaintzak egindako lehenengo ikerketen arabera, gizonak emakumea bortxatu zuen, eta ondoren emakumeak ihes egin ahal izan zion eta leku seguru batean hartu zuen babesa laguntza eskatzeko.
Patruilak iritsi zirenean, agenteek emakumea artatu zuten, eta erasoa gertatu zen lekuan zegoen ustezko erasotzailea atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzeko. Biktima osasun-zentro batera eraman zuten.
Atxilotua, 38 urtekoa, Bilboko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute sexu-askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta.