Gizartea -
BILBO
Behin-behinean aske utzi du epaileak haurra bahitzea leporatuta atxilotutako emakumea
Epailearen esku utzi du Ertzaintzak gaur goizean, eta auzitegi-medikuak errekonozimendua egin ostean, egindakoa onartu eta psikiatria zentro batean sartzea eskatu du. Epaileak ez du espexeratzearen kautelazko neurrririk beharrezko ikusten.
eitb media
Bilboko Basurtuko Ospitalean haur jaioberri bat bahitzeagatik atxilotutako 24 urteko emakumea behin-behinen aske utzi du epaileak, aparteko neurririk gabe, turri judizialek azaldu dutenez. Izan ere, legez kanpoko atxiloketa-delitu bat -bahiketa- egin izanaren zantzu sendoak ikusten baditu ere, ez du behin-behineko espetxeratzearen kautelazko neurri bat behar izateko arrazoirik ikusten.
Hain zuzen ere, aipatu iturrien arabera, ez dago ihes egiteko edo frogak suntsitzeko arriskurik, akusatuak gertakariak onartu baititu eta frogak lortu ondoren. Bestalde, larrialdietako medikuaren eta auzitegiko medikuaren txostenak ez du beharrezkotzat jo emakumea ospitaleratzea.
Hemendik aurrera, kasuaren instrukzioa beste epaitegi batek egingo du, orain artekoa guardiakoa baitzen.
Emakumeak egindakoa onartu du epailearen aurrean eta psikiatria zentro batean sartzea eskatu du. Egindakoaz damututa dagoela eta une oro Aimar txikiaren osasun egoeraz arduratuta egon dela azaldu du.
20:20 aldera, neska epaitegietatik atera da kaputxa batekin eta aurpegia estaltzen zion maskara soinean, senideek eta abokatuak lagunduta.
Akusatuaren abokatuak Bilboko epaitegiaren atarian arratsaldean azaldu duenez, emakumeari auzitegi-medikuaren errekonozimendua egin diote lehenengo, eta gero egindakoa onartu du epailearen aurrean. Emakumeak berak eta bere familiak psikiatria zentro batean sartzea nahi zuten, eta horixe eskatu diote epaileari.
Ustezko bahitzailea asteazken iluntzean sartu zen Basurtuko ospitalean, 21:00etan, eta osasun langilearena egiten lortu zuen jaioberri bat hartu eta zentrotik ateratzea.
Gau osoan bila aritu ostean, 08:15ean aurkitu zuten haurra Santutxuko etxebizitza baten atarian. Osasun langileek haurra artatu zuten berehala, eta onik zegoela egiaztatu zuten.
Ertzaintzak ustezko egilea identifikatzea eta aurkitzea lortu zuen ondoren, 10:45ean. Emakumea lagun batekin zegoen atxilotu zutenean, Zorrotzako Azoka plazan, eta hari ere hartu diote deklarazioa.
Bestalde, Pedro Castro haurraren aitak EITB Mediari azaldu dio inork ez ziela azaldu segurtasun protokoloa Basurtuko ospitalean.
Emakume batek Basurtuko ospitaletik haur jaioberri bat bahitu eta biharamunean azaldu zuen "Faktoria"n Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak gertatutakoaren karga ez dela osorik protokoloaren gain jarri behar, eta gertatutakoa "zabalago" aztertzeko unea dela. "Zorionez" Osakidetzan halako gutxi gertatzen direla dio Sagarduik, eta orain, garrantzitsuena "Aimar eta bere gurasoak ondo" daudela dela.
Horren harira, Haurdunaldia, Erditzea eta Erditze ondoko asistentzia prozesuko segurtasuneko erreferentziazko talde korporatiboak denbora eta perspektiba gehiago eskatu du Basurtuko Ospitalean haurtxoaren bahiketaren egoera aztertzeko eta segurtasun-gertakari mota horiek eragozteko 2014an sortutako protokoloa aldatu behar den erabakitzeko.