Gizartea -
BAHIKETA BASURTUN
Osakidetzak denbora gehiago eskatu du segurtasun-protokoloaren balizko aldaketa aztertzeko
Basurtun haurtxo bat bahitu ondoren, Haurdunaldia, Erditzea eta Erditze ondoko asistentzia prozesuko segurtasuneko erreferentziazko talde korporatiboak perspektiba eskatu du egoera aztertzeko, eta 2014ko protokoloa aldatu behar den erabakitzeko.
Naiara Ballesteros | eitb media
Haurdunaldia, Erditzea eta Erditze ondoko asistentzia prozesuko segurtasuneko erreferentziazko talde korporatiboak denbora eta perspektiba gehiago eskatu du Basurtuko Ospitalean haurtxoaren bahiketaren egoera aztertzeko eta segurtasun-gertakari mota horiek eragozteko 2014an sortutako protokoloa aldatu behar den erabakitzeko.
2014an, talde horrek berariazko protokolo bat prestatu zuen, Basurtuko Ospitalean ostegun honetan gertatutakoaren moduko gertakariak eragozteko. Gaur izan duten bileraren ondoren, adituen taldearen ustez, "beharrezkoa da egoera ikuspegi eta denbora gehiagorekin aztertzea, gertatutakoaren xehetasunak ezagututa, errefortzu-neurri posibleak ezartzeko".
"Neurri horiek osasun sistema orok behar duen humanizazioaren eta segurtasunaren arteko beharrezko orekan oinarritu beharko dira", Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Bilera horren helburua izan da informazioa adituen taldearekin partekatzea gorabehera horiek prebenitzeko 2014tik ezarritako prozedura indartu eta/edo hobetu dezaketen balizko neurriak identifikatzeko.
Nolanahi ere, Osakidetzaren Amatasun Unitateetako profesional guztiei berriro zabalduko zaie Segurtasuna jaioberrientzako arretan protokoloa, haren garrantzia gogorarazteko.