Gizartea -
BAsurtuko bahiketa
Basurtuko Ospitalean jaioberria bahitu duen emakumea, epailearen esku geratzeko zain
Atxilotua osasun zentro batera eraman behar izan zuten atzo arratsaldean, laguntza jasotzeko, Ertzaintzari gaizki zegoela esan ondoren. Atxilotuaren etxetik Ertzaintzak haurrentzako objektu ugari atera zituen. Antza denez, haurdun zegoenaren itxurak egin ditu bere ingurukoen aurrean.
EITB MEDIA
Basurtuko Ospitalean jaioberri bat bahitu duen emakumea epailearen esku noiz geratu zain dute Deustuko ertzain etxean. Han eman du gaua. Atzo atxilotu zuten Zorrotzan (Bilbo), 10:45 aldera. Ustezko bahitzailea 24 urteko emakume bat da.
Atzo arratsaldean, atxilotua osasun zentro batera eraman behar izan zuten, laguntza jasotzeko, Ertzaintzari gaizki zegoela esan ondoren.
Atxilotuaren etxetik, Ertzaintzak haurrentzako objektu ugari atera zituen arratsaldean, hala nola, sehaska tolesgarri bat edo kulunka bat. Antza denez, haurdun zegoenaren itxurak egin ditu bere ingurukoen aurrean.
Haurra Santutxuko etxebizitza bateko lanpasean utzi aurretik, argazkiak egin zizkion sehaska batean, eta lagunei bidali zizkien umea izan zuela esanez.
Hala baieztatu zuen Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, eta zehaztu zuen, atxiloketaren unean, ustezko egilea lagun batekin zegoela, urduri. Sailburuak herritarrei eskerrak eman zizkien laguntzagatik, eta Ertzaintzaren lana azpimarratu zuen.
Gaineratu zuenez, emakumeak ez du aurrekari penalik. Erkorekak berretsi zuen ausaz bahitu zuela jaioberria: "Emakumea erietxean aurrera eta atzera ibili da, eta hainbat ate ireki ditu. Seguruenik, beste saiakera batzuk egin ditu", esan du. Horregatik, uste du emakumearen asmoa ez zela ume zehatz hori bahitzea.
Egilea 21:00ak aldera sartu zen ospitalera eta, osasun langileen plantan jantzita, ginekologiako unitateko haurtxo bat bahitu, eta handik ihes egin zuen. Ospitaleko segurtasun kameren grabazioan ikusi zuten emakumea azkenekoz asteazkeneko 23:00ak aldera. Segurtasun Saila, orduan, ustezko bahitzailearen bila hasi zen. Irudiak zabaldu zituen, eta herritarrei laguntza eskatu zien.
Gau osoa gurasoengandik bananduta egon ondotik, jaioberria goizean aurkitu zuten Bilboko Santutxu auzoko etxebizitza batean, onik eta salbu. Sailburuak adierazi zuenez, bahitzaileak etxebizitza horretako atarian utzi zuen haurra, txirrina jo, eta ihes egin zuen. Etxe horretan bizi den emakumeak eman zuen aurkikuntzaren berri.
Alicia Lopez da bere izena, eta hunkituta kontatu zuen goizean bere etxean bizi zutena.
Zuhaitz Barriuso, berriz, bahitutako haurra etxeko atean aurkitu zuen emakumearen semea da. Aitortu zuenez, haurra aurkitu bezain laster bahitzailea identifikatzeko asmoz korrika atera zen, baina ez omen zuen ezer ikusterik lortu.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bestalde, Basurtuko Ospitalean gertatutakoa kasu bakana dela esan du, eta "Basurtuko Ospitaleko eta Osakidetzako profesionalen talde osoaren babesa" helarazi dio umetxoaren familiari.
Gaur arratsaldean, Osakidetzako Pazientearen Segurtasuneko Talde Korporatiboaren bilera izan da. Batzarrean, gertakariaren behin behineko azterketa egin dute.
Osakidetzak ohar batean azaldu duenez, "ohiko joerari jarraituko dion analisiak ikasteko balio behar du, gertakari horiek berriro gertatzeko probabilitatea murrizteko".
Ildo horretan, gertatutakoa "lehen eskutik partekatzeko, ikasteko eta zertan hobetu daitekeen ikusteko asmoz", Haurdunaldia, Erditzea eta Erdiberriaroa laguntza-prozesuko segurtasuneko erreferenteen talde multidiziplinarra deitu dute ostiralerako.