Gizartea -

Nazioarteko eguna

2.000 emakumeri baino gehiagori atzematen diete urtero bularreko minbizia Hego Euskal Herrian

Bularreko Minbiziaren Mundu Egunean, ikerketa eta baliabide gehiago eskatzeko aldarrikapenak izango dira nagusi. Dena dela, bada itxaropenerako tarterik; biziraupen tasa % 80tik gorakoa da, eta gora egiten du urtez urte.

Bularreko minbiziaren aurka egindako borrokaren sinbolo da xingola arrosa. CCOO lizentziadun irudia
Emakumeek bularreko minbiziaren kontra egiten duten borrokaren sinbolo da xingola arrosa.
Bularreko minbizia dutenen % 54 bueltatzen dira lanera

1:27

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Eguna da gaurkoa, hots, emakumeei gehien atzematen zaien tumorearena. Egun seinalatu honetan mezu baikorrak eta ikerketa eta baliabide gehiago eskatzeko aldarrikapenak tartekatuko dira. Lehenengoen artean, heriotza tasa baxua eta biziraupen tasa altua, % 80tik gorakoa, daude. Gainera, urtetik urtera % 1 hazten da portzentaje hori. Dena dela, urtero 6.000 emakume hiltzen dira munduan bularreko minbiziak jota.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), urtero, 1.600-1.800 emakumeri hautematen zaie gaitza, gutxi gorabehera, 5 kasu egunean. Nafarroan, urteko intzidentzia 390-410 kasukoa da —egunean 1 baino gehiago—.

Bularreko minbiziak jotako emakumeen elkarteen esanetan, gaixoen bizimodua asko hobetu da azken urteotan. Besteak beste, honako zioak aipatu dituzte: geroz eta diagnostiko goiztiarragoak egin direlako, tumore zehatzei zuzendutako terapiak aplikatu direlako, kimioterapia beharko ez duten gaixoak identifikatu direlako, eta tratamenduak ez direlako lehen bezain toxikoak.

Diagnostiko goiztiarra, gako

Osakidetzak duela 27 urte jarri zuen martxan Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, eta horri esker, 11.700 minbizi baino gehiago detektatu ahal izan dira denbora horretan egindako hiru milioi mamografia baino gehiagotan. Osasun Sailaren arabera, detektatutako minbizi kasu gehienak, zorionez, fase goiztiarretan izan dira, tratamendu eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak egiteko aukera emanez.

Iaz, 687 minbizi detektatu zituzten EAEn (95, Araban; 370, Bizkaian eta 222, Gipuzkoan). Programa ezarri zenetik, detekzio-tasa handiena da 2021ekoa: 6,1 minbizi detektatu dira aztertutako 1.000 emakumeko.

Programa 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei zuzenduta dago, baita bularreko minbizia jasan duten lehen mailako senitartekoak (ama, alaba, ahizpa) dituzten 40-49 urtekoei ere. Denei mamografia egiten diete bi urtean behin. Osakidetzatik diotenez, pandemiaren ondorioz proben erritmoa moteldu zen arren, gaur egun "jarduera aurre-pandemikoari berriro ekitea" lortu da. Gainera, azken belaunaldiko 14 mamografo berri instalatzen dihardu.

Osasunbideak ere badu diagnosi goiztiarrerako programa, eta 2021ean 181 kasu atzemateko aukera eman zuen. 45-71 urteko emakumeei zuzenduta dago. Osasun Departamentuak ohar batean azaldu duenez, pandemia dela eta, aldi baterako bertan behera geratu ziren minbizi baheketen programak, eta sortutako atzerapena "zuzentzen joan da, mamografiak irakurtzeko erradiologo kopurua hazi egin baita".

Saray bularreko minbiziaren Nafarroako elkarteak itxaron zerrendak laburtzeko deia egin du. Gaixo batzuek salatu dutenez, hilabete batzuetako atzerapenak dituzte euren noizbehinkako azterketetan.

"Pazientean oinarritutako arreta behar dugu, zentzu guztietan, pazienteari estigmarik erantsiko ez diona. Gaixoak osasun hezkuntza behar du, dauden tratamendu ezberdinak eta dituzten ondorioak ondo ezagutu behar ditu", adierazi du.

Lan arloan, "konturatu gara bularreko minbizia duten emakume langileek euren erantzukizun profesionalei eusteko arazoak dituztela, eta ondorioz, borondatezko bajak hartzen dituzte, edo zailtasunak topatu euren garapen profesionalean. Lanera buelta inflexio puntua da eurentzat".

Elkartearen ustez, "diskriminazio faktorea" ere badago emakumezko gaixoen artean, eta legea aldatu beharko litzateke gidabaimena berritzeko, hipotekak edota aseguruak lortzeko erraztasunak izan ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Nafarroa Minbizia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Osasunbidea