Gizartea -
Osasuna
Eusko Jaurlaritzak 2.467 lanpostu finko gehitu dizkio Osakidetzari
Aldi baterako 2.109 plaza egiturazkoak izatera igaroko dira, eta beste 358ek Lehen Arreta indartuko dute. Azken 20 urteetako "handiagotze zabalena" da, Gotzone Sagarduiren hitzetan.
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzak 2.467 plaza gehiago onartu ditu Osakidetzarako. Horrela, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak jakinarazi duenez, Euskal Osasun Zerbitzuak 30.073 langileko egitura izango du.
Sailburuaren hitzetan, azken 20 urteetan Osakidetzan izandako "handiagotze zabalena" da. Aldi baterako 2.109 plaza egiturazkoak izatera igaroko dira, eta beste 358 plazek Lehen Arreta indartuko dute.
Sagarduik uste du "mugarria" dela "behin-behinekotasuna murriztea, eta enplegu egonkor eta kalitatezkoaren aldeko konpromisoari eustea", Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko Eztabaidan aurreratu zuenez.
Plazak Lehen Mailako Arreta Estrategian jasotako hainbat eremukoak izango dira: biztanleriaren osasuna, haurren osasuna, administrazioa, fisioterapia, farmazia eta aho-hortzetako osasuna.
Legegintzaldi honetan deituko diren hainbat lan eskaintza publikotan jasoko dira. Une honetan 2018-19 aldikoa garatzen ari da, eta abenduaren 31 baino lehen egonkortasun prozesukoak (3.723 lanpostu), 2020ko birjarpenekoak (1.002 lanpostu) eta 2021eko birjarpenekoak (1.273 lanpostu) deituko dira. Gainera, 2022ko LEP onartzeke dago. Aurreko prozesuekin bat egin dezake.