Gizartea -

Osasuna

Aztertutako mila emakumeko 6,1 bularreko minbizi kasu atzematen ditu Osakidetzak

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 11.700 minbizi kasu atzeman ditu 27 urtean, hiru milioi mamografia egin ostean.

Basurtuko ospitalea. Argazkia: Efe
Basurtuko ospitalea. Argazkia: Efe
Basurtuko ospitalea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 687 kasu atzeman zituen iaz (95 Araban, 370 Bizkaian eta 222 Gipuzkoan), hau da, egitasmoa martxan jarri zenetik jasotako tasa altuena (6,1 minbizi kasu aztertutako mila emakumeko).

Osasun Sailak, urriaren 19an izango den Bularreko Minbiziaren aurkako Mundu Egunaren harira zabaldutako mezuan, berretsi egin du minbizia goiz detektatzearen garrantzia, garaiz tratatzeko eta emakumeen bizi-kalitatea hobetzeko.

Horregatik jarri zuen Osakidetzak duela 27 urte Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, eta ordutik hiru milioi mamografia egin dituzte, 11.700 minbizi detektatuz. Zorionez, kasu gehien-gehienetan garaiz atzemandako gaitzak izan dira, tratamendu eraginkorra eta ez hain erasokorra egiteko aukera emanez.

Detekzio-programak harrera ona izan du Euskadiko emakumeen artean urteetan zehar, eta ia % 80k egin ditu probak. Gaur egun, programan parte hartzeko gonbidapena 50 eta 69 urte bitarteko emakumeei egiten zaie, baita bularreko minbizia jasan duten lehen mailako senitartekoak (ama, alaba, ahizpa) dituzten 40-49 urtekoei ere. Proba bi bularretan mamografiak egitean datza, eta bi urtean behin errepikatzen da.  Emaitzak gutun bidez ematen dira, batez beste 6 eguneko epean. 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoa Araba Minbizia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak