Gizartea -
HEZKUNTZA LEGEA
Azaroaren 5erako manifestazioa deitu du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Bilbon
Ikasleen sindikatuek, familien eta irakasleen elkarteek eta LAB, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten plataformak sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituna murriztea, auditoriak handitzea eta publifikazioa ahalbidetzea eskatzen du.
A. S | EITB MEDIA
Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea osatzen duten eragileek azaroaren 5erako manifestazioa deitu dute Bilbon. Hezkuntza lege berrian, eskola publikoa hezkuntza sistemaren benetako ardatz gisa hartzen ez dela erabaki, eta protesta kalera aterako dute. EEPH Topaguneak sare publikoa zabaltzea, eskola pribatuen ituntzea murriztea, auditoriak handitzea eta publifikazioa ahalbidetzea babesten du.
Ikasleen sindikatuek, familien eta irakasleen elkarteek eta LAB, Steilas, CCOO eta ESK sindikatuek osatzen duten plataformak ohar batean adierazi duenez, euskal hezkuntza legearen aurreproiektuak "ez die erantzun egokirik ematen" eskola publikoaren beharrei, nahiz eta horren aldeko "adierazpen batzuk" jasotzen dituen.
ELA sindikatuak, bere aldetik, deialdiarekin bat egingo duela iragarri du, "ez datorrelako bat lege aurreproiektuarekin". Hala, gaur alegazioak aurkeztu ditu "egungo hezkuntza-sistemari aurre egin eta euskal eskola publiko burujabea eta lan baldintza egokiak dituena eraikitzeko".
EEPH Topagunearentzat, Hezkuntza Saila "etengabe ari da azken hilabeteetan sare pribatuaren aldeko neurriak hartzen, dekretuen eta aginduen bidez". Esate baterako, datozen sei urteetarako egungo itunak luzatzea, jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz ikasleak murriztuko direla aurreikusi arren.
Gainera, eragileek salatu dutenez, "zirriborroak murriztu egiten du itunpeko ikastetxe pribatuetan talde edo gela bat osatzeko gutxieneko ratioa", eta horrek, ikastetxe publiko askoren bat-egitea eta/edo desagertzea ekar lezake; ituntze-moduluak handitu ditu, itunpeko ikastetxeen finantzaketa ekonomikoki handituz, eta 2 urteko gelak ituntze-sistemaren barruan sartu ditu", adierazi du.
Halaber, "hezkuntzari buruzko legearen zirriborroak Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko kontzeptu berri bat sortzen du, ikastetxe publikoen eta itunpeko pribatuen bidezkoa, eta, beraz, finantzazio bera dagokie bi ikastetxe mota horiei. Horrek argi adierazten du -esan du- ez dela erraztuko eskola publikoaren hazkundea, eta ez zaiola lehentasunezko traturik emango".