Gizartea -
EPAIKETA
Adifeko Segurtasun zuzendari ohiak makinistari egotzi dio Alviako istripuaren ardura
Andres Cortabitarte bigarren akusatuak epaiketan deklaratu du makinistak abiadura muga errespetatu ez zuelako gertatu zela ezbeharra.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alviako tren istripuaren epaiketan, bigarren akusatuak deklaratu du gaur goizean. Andres Corbitarte Adifeko Segurtasun zuzendari ohiak Francisco Garzon makinistari egotzi dio ezbeharraren ardura. 2013ko uztailaren 23ko ezbeharrean, 80 pertsona hil, eta 145 lagun zauritu ziren Angroisen (Galizia).
Trena bidetik ateratzeko arrazoia gidariak abiadura muga ez errespetatzea izan zela adierazi du. Gaineratu duenez, makinistak treneko ikuskatzailearekin izan zuen 100 segundoko telefono elkarrizketak ez zuen gertatu behar.
"Hori ezin da egin, legez kanpokoa da", esan du Cortabitartek. Horren esanetan, "ordu eta erdi geroagoko zerbaiten" inguruan hitz egin zuten, Pontedeumeko geltokian (A Coruña) jaitsi behar zuen, eta behar bereziak zituen familia bati buruz, hain zuzen ere.
Laneko telefonotik hitz egiterakoan makinistak "aurrean zuenarekiko" kontzientzia galdu zuela uste du Corbitartek. "(Makinistak)Balaztari lau segundo lehenago eragin izan balio, ez ginateke hemen egongo", gaineratu du.
Istripua gertatu zen A Grandeirako bihurgunean 80 km/h-ko abiadura muga dago orain, baina 2013an ez zegoen balizarik. Makinistak bere deklarazioan onartu zuen une batez nahastu egin zela, eta aurreko tunelean zegoela uste izan zuela. Dena dela, esan zuen "uneoro" errespetatu zituela bideko seinaleak eta ez zuela lehenago frenatzerik izan.
Cortabitarteren arabera, "horrelako ezaugarriak dituzten 1.800 bihurgune" daude, A Grandeirakoa bezalakoak "edo are okerragoak". "Inork ezin du aurreikusi tren bat 160 kilometro orduko abiaduran igaro zitekeenik", gehitu du.
Trenak 179 kilometro orduko abiaduran jo zuen hormaren aurka eta, Cortabitarteren ustez, 160 km/h-ra egin izan balu hau ez zatekeen gertatuko.