Gizartea -
Eraso matxista
Emakume batek sexu erasoa salatu du Basaurin
Tokiko eragile feministek elkarretaratzea egin dute, Social Antzokian.
EITB MEDIA
Emakume batek sexu erasoa jasan duela salatu zuen joan den igandean, urriaren 9an, Basaurin. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eta Bizkaiko udalerriko udal talde guztiek tokiko talde feministek gaur arratsalderako deitu duten elkarretaratzean parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Salaketaren berri izan ostean, Basauriko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako bozeramaileek (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP) deitoratu egin dute eraso matxista, eta "gaitzespen irmoa" agertu dute "emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen honen aurrean".
Gainera, erasoa jasan duen emakumeari eta haren inguruari babesa adierazi diote, eta behar dituen udal-baliabide guztiak jarri dituzte haren esku.
"Erasorik erantzun sozial eta instituzionalik gabe gera ez dadin, dei egiten diegu herritarrei Berdintasun Kontseiluak, Herriko Taldeek eta Basauriko mugimendu feministak asteazken honetarako, 19:30erako, Social Antzokian deitu duten elkarretaratzearekin bat egiteko", zabaldu dute taldeek.