Gizartea -

Gipuzkoa

Hezkuntzak Villabonako ikastolari zigor espedientea zabaldu dio, matrikulazioan "irregulartasunak" atzemanda

2021-2022 ikasturteko Haur Hezkuntzako 2. zikloko matrikulazio zenbakiek eta benetakoek bat egiten ez zutela egiaztatu du Hezkuntza Sailak, eta ez zeuzkan ikasgelengatik jasotako dirua itzultzeko agindu dio Zubimusu ikastolari. Ikastolen Elkarteak "akatsa" aitortu eta dirua itzuliko duela esan du.

Villabonako ikastola. Argazkia: EITB Media.
Villabonako ikastola. Argazkia: EITB Media.
Villabonako ikastola. Argazkia: EITB Media.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zigor espedientea zabaldu dio Villabona-Amasako ikastolari (Zubimusu) iazko matrikulazioan (2021-2022 ikasturteari zegokiona) "irregulartasunak" atzeman ostean. Espedientearen arabera, zentroari ez zeuzkan ikasgelengatik jasotako dirua itzultzeko agindu dio Jokin Bildarratzek zuzentzen duen Sailak.

Hortaz, 141.000 euro itzuli egin beharko ditu. Kopuru hori Haur Hezkuntzako bi gelari dagokio dirulaguntza da. Zentroak akats bati egotzi dio gertatutakoa eta dirua itzuliko duela esan du.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak atzo, asteartearekin, kaleratu zuen espedientearen nondik norakoen agindua.

Ikastolako Haur Hezkuntzako 2. zikloko matrikulazio datu ofizialek eta errealek bat egiten ez zutela ohartu zen Hezkuntza Saila. Egiaztatu ahal izan duenez, iazko ikasturtean zegokion ituna baino gehiago jaso zuen ikastolak, hots, zeuzkanak baino gela gehiagoren berri eman zuen, eta horregatik, Hezkuntza-itunen Erregelamenduak aitortzen diona baino gehiago kobratu zuen. 

Hori horrela, 2021-2022ko ituna zuzendu du Hezkuntza Sailak. Ondorioz, iazko ikasgela horiengatik jaso zuen dirua itzultzeko agindu dio Sailak ikastolari. 

Euskadi Irratiari egindako adierazpenetan, Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak aitortu du matrikulazio datuetan "akatsa" egin zuen ikastolak. Azaldu duenez, Haur Hezkuntzako ume batzuek baja eman zuten, eta ikasturte amaieran zenbakiak berrikustean, atzeman zutela gorabehera. "Akatsa" onartuta, dirua itzuliko dutela azpimarratu du Ikastolen Elkarteak. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Eusko Jaurlaritza berriak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Villabona bideoak Eguneko albisteak Hezkuntza