Gizartea -

EPAIKETA

Alvia treneko gidariak barkamena eskatu du, eta ziurtatu du ez zegoela seinalerik Angroiseko bihurgunean

Makroepaiketaren bigarren egunean, Francisco Garzon tren gidariak adierazi du gaur egungo segurtasun sistemekin ez zela istripurik gertatuko.

Francisco Garzon makinista, epaiketan. Argazkia: EFE
Francisco Garzon makinista, epaiketan
Alvia treneko gidariak barkamena eskatu die biktimei

01:20

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alvia tren batek duela bederatzi urte izan zuen istripua argitzeko epaiketan, Francisco Garzon makinistak deklaratu du gaur, eta, negar zotinka, barkamena eskatu die biktimei. Azaldu duenez, ezbeharra gertatu zen Angroiseko bihurguneren aurretik ez zegoen seinalerik. 2013ko uztailaren 23ko ezbeharrean 80 pertsona hil, eta 145 lagun zauritu ziren.

55 minutu iraun duen deklarazioan bere abokatuaren galderei soilik erantzun die. Argi eta garbi utzi nahi izan du gaur egun dauden segurtasun sistemak eta seinaleak 2013an egon izan balira ez zela istripurik gertatuko, "ezinezkoa" izango zela.

Sakelako telefonoen erabilerari buruzko galderak ere erantzun ditu akusatuak. Izan ere, istripuaren unean ikuskatzailearekin hitz egiten ari zen. Bideari arreta jartzeari utzi ote zion galdetuta, ezetz erantzun du, bideko seinale eta abiadura mugak errespetatu zituela. Hala ere, onartu du deiaren ondorioz nahasi egin zela: "Aurreko tunelean nengoela uste nuen", esan du.

Makinistak gaineratu du "uneoro" errespetatu zituela seinaleak, ez zegoela inolako abiadura mugarik edo balizarik, eta, beraz, 200 kilometro orduko abiaduran joan zitekeela. Gaineratu duenez, bihurgunea ezin zitekeen aurretik ikusi: "Ez nuen frenatzerik izan".

Adifeko segurtasun zuzendari ohiaren deklarazioa, atzeratuta

Andres Cortabitarte Adifeko segurtasun zuzendari ohiaren deklarazioa biharko iragarrita bazegoen ere, azkenean ez du deklaratuko.

Defentsa abokatuak argudiatu du atzo biktimetako baten aitak kolpea eman ziola eta ez dagoela deklaratzeko moduan.

Epaileak atzerapen eskaera onartu du eta, azkenean, hilaren 13an deklaratuko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Abiadura Handiko Trena Galizia azken ordukoa Tren istripuak albisteak