Gizartea -
eguraldia
Giro argia mantenduko da Euskal Herrian, aste hasiera honetan
Urriko lehen asteburua tenperatura epelekin eta giro lehorrarekin hasi eta gero, ildo beretik jarraituko du eguraldiak aste honetan, udazken garairako altuak diren balioak utzita.
i.l.k. | eitb media
Eguzkia lagun izan dugu urriko lehen asteburuan, eta halaxe jarraituko du giroak, asteari hasiera emateko. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera, egun beroak datoz, eta asteartean erabat garbituko da zerua.
Astea giro egonkor eta lehorrarekin hasiko dugu. Hala, astelehenean zerua ia oskarbi egongo da, goi-hodeiren batekin, eta behe-hodei batzuekin Kantauri isurialdean.
Behe-lainoa agertuko da barnealdeko toki askotan, eta baliteke bailara batzuetan goiz osoan ez jasotzea. Kostaldean eki-osagaiko haize ahula ibiliko da, eta aldakor gainerako lekuetan.
Tenperaturei dagokienez, 22 ºCko maximoak izango dira Donostian, 25 ºCkoak Bilbon, 28 ºCkoak Gasteizen, 29 ºCkoak Iruñean eta 25 ºCkoak, berriz, Baionan.
Asteartean ez da ia aldaketarik espero. Oskarbi egongo da eta, beraz, eguraldi eguzkitsuarekin jarraituko dugu, goizeko lehen orduetako behe-lainoa salbu.
Haizea aldakor eta leun ibiliko da, arratsaldean ipar-haizea nagusituz. Tenperaturan apenas izango da gorabeherarik.
Hala, 22 ºC izango dira gehienez Donostian, 25 ºC Bilbon, 28 ºC Gasteizen, 30 ºC Iruñean eta 25 ºC Baionan.
Uneoro, eguraldiari buruzko informazio gaurkotua kontsulta dezakezu eitb.eus-en, edo zure argazkiak bidali.