Gizartea -
Israel
"Gatazka gune" izendatu ditu Bookingek bere plataforman eskainitako Zisjordaniako ostatuak
Human Rights Watch Gobernuz Kanpoko Erakundearen esanetan, erabakia "urrats garrantzitsua da", eta Zisjordaniako lurralde okupatuetan kokatutako ostatu guztiak plataformatik kentzeko eskatu dio turismo enpresari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ostatua erreserbatzeko Booking plataformak "gatazka batek eragin dezakeen gune" bezala izendatu ditu Zisjordaniako lurralde okupatuetan eskainitako etxebizitzak. "Zure Gobernuaren bidaia-gomendioak birpasatu itzazu, zonalde horretan ostatua hartzeko erabaki sendoa hartu ahal izateko", dio Booking plataformak ostiralaz geroztik Zisjordania okupatuan erabiltzaile batek ostatua bilatzen duenean.
Neurri horrek lurralde horietan dauden hiri eta udalerri palestinarrei eragiten die, baita, 1967ko Sei Eguneko Gerraz geroztik, Israelgo lurralde okupatuei ere.
Human Rights Watch Gobernuz Kanpoko Erakundearen esanetan, erabakia "urrats garrantzitsua da", eta Zisjordaniako lurralde okupatuetan kokatutako ostatu guztiak plataformatik kentzeko eskatu dio Bookingi.
Bestalde, Israelgo Gobernuak "garaipen handitzat" jo du Bookingen segurtasun alerta berri hori, izan ere, enpresa horren hasierako asmoa Zisjordaniari estatus berezia ematea zen.
AIren salaketa
Duela bi urte, Amnistia Internazionalek salaketa aurkeztu zuen Booking, Airbnb, Expedia eta Tripadvisor bezalako turismo enpresen aurka Israelgo lurralde okupatuetako ostatuak eskaintzeagatik.
2018an, Airbnbek horiek kentzea erabaki zuen, baina atzera egin zuen azkenean, Israelgo presioak bultzatuta.