Gizartea -
OMENALDIA
Urrezko galtzada-harriak, nazien kontzentrazio esparruak pairatu zituzten Barakaldoko 12 bizilagunen omenez
Udalak baldosak edo 'Stolperstein' direlakoak (euskaraz, "estropezu harri") jarri ditu omendutako pertsonen azken bizilekutik gertu dauden espaloietan.
O. A. | EITB MEDIA
Barakaldok bat egin du Gunter Demnig artista alemaniarrak 1992. urtean martxan jarri zuen Stolpersteine proiektuarekin. Horren eskutik, urrezko galtzada-harriak jartzen dituzte nazismoaren biktimak gogorarazteko. Barakaldoren kasuan, 12 baldosa edo estropezu harri (Stolperstein, alemanieraz) ipini dituzte espaloietan, omendutako pertsonen azken bizilekuetatik gertu.
Nicolas Martin, Juan Arregui, Luis Arranz, Eugenio Alarcia, Gerardo Moro, Martin Veiga, Demetrio Morales, Segundo Rubianes, Felix Urrutia, Emilio Cuevas, Julian Aparicio eta Jose Luis Maz oroituko dituzte.
Harriak La Siebe, Pormetxeta, Lutxana, Anbia, Foru pasealekua, Autonomia, San Juan, Ibarra, Florida, Arrandi eta Andikollano kaleetan jarrita daude.
Stolpersteine proiektuaren helburua gogoratzea da. Stolpersteine hitzak alemanieraz "estropezuaren harriak" esan nahi du, hots, asmoa da horiek zapaltzean historiarekin "estropezu" egitea, etorkizunean errepika ez dadin.
Barakaldoko ekimena Alazne ikastetxeko ikasle talde baten eskutik sortu zen, eta, ondoren, Udalak proposamena onartu, eta proiektuarekin bat egitea erabaki zuen.
Nor da nor
Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak egindako ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko 253 pertsona deportatu zituzten nazien kontzentrazio esparruetara. 113 pertsona hil ziren, 125 bizirik irten ziren, eta ez dago gainerako 15 pertsonen inguruko informaziorik. 253 horietatik, gutxienez 12 Barakaldoko bizilagunak ziren.
Nicolas Martin (San Juan kalea, 22)
Jaiotze data: 1916/09/10
Deportazio data: 1941/04/26
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1941/09/04
Juan Arregui (Ibarra kalea, 12)
Jaiotze data: 1905/05/30
Deportazio data: 1942/09/12
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1945/05/05
Luis Arranz (Pormetxeta kalea, 30)
Jaiotze data: 1923/07/22
Deportazio data: 1944/08/06
Kontzentrazio eremua: Buchenwald
Heriotza data: 1945/04/11
Eugenio Alarcia (Arrandi kalea, 38)
Jaiotze data: 1914/01/04
Deportazio data: 1941/01/27
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 02/01/1942
Gerardo Moro (Foru pasealekua, 14)
Jaiotze data: 1917/04/23
Deportazio data: 1941/01/27
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1942/04/16
Martin Veiga (Autonomia kalea, 22)
Jaiotze data: 1907/10/08
Deportazio data: Ezezaguna
Kontzentrazio eremua: Dachau
Heriotza data: 1944/06/30
Demetrio Morales (Florida kalea, 14)
Jaiotze data: 1914/11/29
Deportazio data: 1941/01/27
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1945/05/05
Segundo Rubianes (Andikollano kalea, 33)
Jaiotze data: 1918/04/13
Deportazio data: 1941/04/29
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1941/12/09
Felix Urrutia (Lutxana kalea, 3)
Jaiotze data: 1907/08/01
Deportazio data: 1941/01/27
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1941/09/23
Emilio Cuevas (Lutxana kalea, 38)
Jaiotze data: 1917/04/27
Deportazio data: 1944/05/24
Kontzentrazio eremua: Neuengamme
Julian Aparicio (La Siebe kalea, 9)
Jaiotze data: 1917/03/14
Deportazio data: 941/04/03
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1941/11/21
Jose Luis Mazo (Anbia kalea, 38)
Jaiotze data: 1918/08/18
Deportazio data: 1941/08/31
Kontzentrazio eremua: Mauthausen
Heriotza data: 1945/05/05
Ekitaldia eta Stolpersteine harrietan barrena ibilbidea
Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Josu Erkoreka lehen lehendakariordeak, Alazne ikastetxeko ordezkariek eta biktimen familiek parte hartu dute larunbat honetan, 11:00etatik aurrera, Herriko Plazan egin den omenaldian.
Barakaldoko Udal Bandak ere parte hartu du.
Amaitzeko, ibilbide bat egin dute, oinez eta autobusez, harri horietako bost bisitatzeko.