Gizartea -

Jasangarritasuna

10 urte, Gasteiz Green Capital izan zenetik: mugarriak, erronkak eta proiektu berriak

Aldez aurretik, abiatutako apustu berdea indartu zuen Arabako hiriburuan. Hiriaren eraldaketan sakondu zuen mugarriak.

Gasteiz. Irudia: EITB Media
Gasteiz. Irudia: EITB Media
Gasteiz, Europako hiriburu berde izan zenetik 10 urte

0:44

Eriz Lotina | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela hamar urte, 2012an hartu zuen Gasteizek Green Capitalen lekukoa Hanburgoren (Alemania) eskutik, Europako Parlamentuan; 2010ean, Stockholmen (Suedia), horretarako enkargua jaso ondoren. Aldez aurretik, abiatutako apustu berdea indartu zuen Arabako hiriburuan. Hiriaren eraldaketan sakondu zuen mugarriak.

Horrela, azken hamar urteetan Gasteizko hainbat eraikin eta txoko eraldatu edo eraberritu dituzte, jasangarritasunaren bila. Horren adibide argia, Europa Biltzar Jauregia izan zen, eraikin berezia, arkitektura berdearen ikonoa, hiriaren erdigunean kokatua.

Green Jauregiaren aurkezpen-gutuna aurrealdea estaltzen duen lorategi bertikala da, bertako ekosistemak erreproduzitzen aitzindaria, dituen 33.000 landare baino gehiagorekin. Passivhaus eraikina da, bere eraginkortasun energetikoagatik ospe handia duena, besteak beste, saria jaso zuen Ameriketako Estatu Batuetako Eraikuntza Berdearen Kontseiluaren eskutik. Bi entzunareto eta 20 areto daude, eta 25 eta 1.200 pertsona bitarteko edukiera dute.

Europa Biltzar Jauregia. Irudia: vitoria-gasteiz.org

Europa Biltzar Jauregia. Irudia: vitoria-gasteiz.org

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuak Green Capital plaza estreinatu zuen 2013an, erdialdeko haur parke handienarekin. Angulema, Florida, Manuel Iradier eta Pio XII.aren kaleen artean dagoen plazak 860 metro koadrotik gora ditu haur jokoetarako. Hain zuzen ere, 2012. urtean hiriak eraman zuen europar izendapena gogorarazten du leku horrek.

Kasu honetan ere, lan guztia iraunkortasun irizpideei jarraituz egin zen. Horrela, haur jolasak eta hiri altzariak hornitu zituen enpresa arabarraren haur parkeak iraunkorragoak dira, eta luzaroago irauten dute; gainera, ingurumen eragina % 56 txikiagoa da bizitza-ziklo osoan.

Andre Maria Zuriko plazan dagoen eskultura berdea inauguratu zuten egunetik oinezkoen eta turisten arreta bereganatu du, erreferentziazko toki eta hiriaren argazki tipikoena bilakatuz.

Eskultura berdea, Andre Maria Zuriaren plazan. Irudia: EITB Media

Eskultura berdea, Andre Maria Zuriaren plazan. Irudia: EITB Media

Erronkak eta lorpenak

Ibilbide luzea egin du Arabako hiriburuak, baina Green Capitalek erronka berriak mahai gainean jarri zituen. Hiria zabaldu da, eta lurzoru ugari jan du auzoetan (6 milioi metro karratu), zuzendu beharreko hanka-sartzea, 20 bat adituren arabera. 2050eko Eraztun Berdea irudikatzeko, 2018an, aditu taldea bildu zuen Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak hiriburuan.

Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak ere "kontrolik gabeko hirigintzaz" hitz egin zuen, 'Hiri auzoak' izeneko azterketan. Hala ere, Arabako hiriburuaren zerbitzuen eskuragarritasuna goraipatu zuen ikerketak. Gasteizek zerbitzuen sare "orekatuena" duela ebatzi zuen.

Ohikoa da zerbitzuen eskaintza nagusia hiriaren erdigunean metatzea eta, Euskal Herriko hiriburuetan, hala gertatzen da ere. Gasteiz da salbuespena, bere geografia osoan zerbitzu "sare oso homogeneo eta osatua" baitu. Hiriak eremu berde "ugari" ditu, eta zailtasun orografikorik eta uholde arrisku handirik ez, Abetxuko bezalako toki zehatzetan salbu.

Autobus zerbitzua elektrifikatzeko prozesua, ostera, "oso motela" zela ondorioztatu zuten 20 adituek bileran. Hiriak kontsumitzen duen energia gehiena inportatu behar du, nahiz eta biomasa, geotermia eta panel fotovoltaikoak eraikin publikoetan ikusten hasi. Adituen hitzetan, gasteiztarrek kontsumitzen dituzten nekazaritzako elikagaiak hiri inguruan ekoizteko aurrerapauso gutxi eman dira, nahiz eta denbora eta baliabide ugari inbertitu.

Bizikletaren erabilpenak, aldiz, nabarmen gora egin du Arabako hiriburuan, horretarako prestatutako eremuetan, baita oinezkoentzako alderdietan ere. 30 izeneko eremuetan trafikoa murrizteko funtzioa dute bizikletek, espaloiak oinezkoentzako libre uzten dituzten bitartean. Kale horietan abiadura mugatu da, eta txirrindulariek errepidera egin dute salto.

Gaindegiaren hitzetan, Gasteizek mugikortasun jasangarrirako baldintza "ezin hobeak" ditu, baina, aldi berean, 30 auzoetatik 23tan belaunaldi aldaketarako arazoak dituzte biztanleria zahartu, hezkuntza mailaren "desoreka geografiko" edo atzerritarren kontzentrazio handia dagoelako, Alde Zaharra, Arana eta Koroatzean, esaterako. Horrek kohesio sozialari eragiten dio.

Salburua, Anillo Verde de Vitoria-Gasteiz.

Salburua, Anillo Verde de Vitoria-Gasteiz.

Mugikortasun jasangarriko bost proiektu berri

Orain Gasteizko Udalak mugikortasun jasangarriko bost proiektu aurrera eramateko 9,3 milioi euro inguru finantziazioa jaso dezake. Udalbatzak Next Generation funtsen laguntza ekonomikoak eskatzeko izapideak hastea onartu du, bost bloketan banatuta.

Horietako bat bizikletan ibiltzeko sarea Gasteizko industrialdeetara zabaltzea da. Kasu honetan, Gamarra eta Jundiz industrialdeei zerbitzua emango lieketen bidegorrien zazpi kilometro berri baino gehiago sortzea proposatu du Arabako hiriburuak.

Legutianoko Atean, Karlos I. Enperadorearen plazan eta Herrandarren kalean oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna hobetzea ere nahi dute. Helburua oinezkoentzako gunea handitzea eta irisgarritasuna hobetzea izango litzateke.

Eskola-ingurune seguruetan egindako jarduerek gutxienez dozena erdi ikastetxetarako proposamenak jasoko lituzkete.

Laugarren blokea Tuvisako 4. linearen elektrifikazioari buruzkoa da. Kasu honetan, hamar autobus elektriko erostea planteatzen da, sei 18 metro luze eta lau 12 metro luze, L4a (Lakua-Mariturri) 2023an 0 emisioko linea elektriko bihur dadin. Azkenik, autobus elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea proposatuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Klima-aldaketa Araba Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa albisteak Kutsadura Gasteizko Eraztun Berdea