Gizartea -

SANSOHETA AUZIA

Sansoheta auziko laugarren auzipetu batek ere onartu egin du sexu harremanak izan zituela adingabeekin

Oraindik baieztatu ez badute ere, 5 urte eta erdiko espetxe zigorra jaso dezake. Epaiketaren bigarren saioa izan da gaurkoa, eta biktimak hasi dira deklaratzen. Egun, adinez nagusiak dira guztiak.

Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE
Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE
Auzipetuak, epaiketaren lehen egunean. Argazkia: EFE

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean hiru auzipetuk aitortu zuten Gasteizko Sansoheta zentroko adin txikikoekin sexu harremanak izan zituztela diruaren truke, eta gaur, laugarren batek onartu du gauza bera, Fiskaltzarekin akordioa itxi ondoren. 5 urte eta erdiko espetxe zigorra jaso dezake azken horrek.

Arabako Lurralde Auzitegiak Sansoheta auziko bigarren saioa hartu du gaur, irailak 28. Arabako Foru Aldundiaren zaintzapean zeuden hainbat adin txikikori sexu abusuak egitea egotzita, hamar gizonezko daude auzipetuta. Biktimak hasi dira gaur deklaratzen —egun, adinez nagusiak dira—, eta ateak itxita eman dituzte azalpenak epailearen aurrean, aldeek hala adostuta. Hiruk uko egin diote deklaratzeari, eta arratsalderako aurreikusita zegoen saioa bertan behara geratu da. Bost ordu baino gehiago iraun duen saioan,  ikerketan parte hartu duten ertzain batzuek ere deklaratu dute.

Joan den astelehenean abiatu zen epaiketa, auzipetuen deklarazioarekin. Horietako hiruk akordioa itxi zuten Fiskaltzarekin. Leporatzen zaizkien hainbat delitu aitortu egin zituzten, damua agertu zuten, eta berriro halakorik ez dutela egingo hitz eman zuten. Hala, adostasunezko akordioaren ondoren, epaimahaiak ezarritako zigorra —1 eta 13 urte artekoa— onartu egin zuten. Laugarren batek, berriz, aurreakordioa itxi zuen, eta gaur ezagutu da horren edukia.

Euren aldetik, epailearen aurrean deklaratu zuten sei auzipetuek behin eta berriz esan zuten ordaindutako sexu harremanak izan zituztela gazteekin, baina ez zekitela adin txikikoak zirenik. Denek azpimarratu zuten harremanetarako web orrien eta sare sozialen bidez jarri zirela kontaktuan gazteokin.

 2016an zabaldu zuen Ertzaintzak 10 gizonezkoren kontrako ikerketa, Sansoheta zentroko hainbat adin txikikori sexu abusuak egin zizkietelakoan. Zentroko zuzendariak jarri zuen salaketa. Ikerketaren arabera, orotara zazpi adin txikikok jasan zituzten sexu gehiegikeriak, eta Arabako Aldundiaren tutoretzapean zeuden guztiak erasoak izan zirenean.

Gaurko saioa hasi aurretik, Jose Miguel Fernandez Clara Campoamor Elkarteko abokatuak kazetarien aurrean azaldu duenez, instruzio fasean biktimei hartutako argazkietan "oso argi" ikusten da adin txikikoak zirela, auzipetuek bestelakoa dioten arren. Horren hitzetan, gaur deklaratu duten ertzainek epaileari esan diote ezinezkoa zela gazteak adin txikikoak zirela ez jakitea.

Fiskaltzak ehun urte baino gehiagoko espetxe zigorra eskatzen du sei auzipetu horientzat. Besteak beste, galbideratzea, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkiete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Sexu erasoak Arabako Foru Aldundia