Gizartea -
POLONIA
Poloniako Justiziak atzera bota du berriro atxiloaldia luzatzearen aurka Pablo Gonzalezek jarritako helegitea
Otsailaren 28an atxilotu zuten euskal kazetaria Polonian, Ukrainako gerrari buruzko informazioa lantzen ari zela.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Polonian, Rzeszoweko Apelazio Auzitegiak berriro ere atzera bota du Pablo Gonzalezen behin-behineko atxiloaldia beste hiru hilabetez luzatzeko erabakiaren aurka bere abokatuak jarritako helegitea.
"Auzitegiak ez du errekurtsoa onartu. Epaileak nire arrazoiak partzialki partekatu ditu, baina atxiloaldiaren luzapena mantentzea erabaki du", esan dio Bartosz Rogalak, kazetari bizkaitarra Poloniako auzitegien aurrean defendatzen ari den abokatuak.
Pablo Gonzalez euskal kazetaria otsailaren 28an atxilotu zuten Polonian, Ukrainako gerrari buruzko informazioa lantzen ari zela. Hasiera batean, hiru hilabeteko behin-behineko atxiloaldia ezarri zioten, eta geroztik, birritan luzatu diote. Pablo Gonzalezen behin-behineko espetxealdia luzatzea erabaki zuen Poloniako auzitegi batek abuztuan, eta horren ondoren etorri zen helegitea.
Ostegun honetan zazpi hilabete beteko dira atxilotu zutenetik, eta oraindik ez dute egunik zehaztu Fiskaltzak bere aurkako akusazioa aurkezteko.