Gizartea -
ARABA
Gaur hasiko da Sansohetan adingabeei sexu abusuak egitea egotzita auzipetutako 10 pertsonen kontrako epaiketa
Ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen zaizkie akusatuei. Fiskaltzak 200 urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatzen du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gaur, astelehena, hasiko da Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean Sansohetako zentroan zeuden hainbat adin txikikori sexu abusuak egiteagatik auzipetutako 10 pertsonen aurkako epaiketa.
Fiskaltzak 200 urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatzen du akusatu guztientzat; ustelkeria, sexu abusua, adingabekoei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak leporatzen dizkie. Arabako Foru Aldundia eta Clara Campoamor elkartea herri-akusazio gisa aurkeztu dira.
EITB Mediak jakin ahal izan duenez, gutxienez 2 akusatuk akordioa lortu dute Fiskaltzarekin, errua onartu eta zigorra txikitzeko.
Aurreikusitakoaren arabera, gaur, auzitegiak akusatuen deklarazioa entzungo du, eta bihar ez da saiorik izango.
Asteazkenean eta ostegunean, biktimek deklaratuko dute, eta ateak itxita egingo dira saio horiek. Ostiralean, berriz, kasuaren ikerketan parte harte hartu zuten ertzainen txanda izango da.
Azkenik, astelehenean (urriak 3), perituek euren txostenak azalduko dituzte, eta baita auzian aurkeztu diren aldeek ere.
Arabako Foru Aldundia akusazio partikular gisa aurkeztuko da prozesu judizialean.
2016ko azaroan publiko egin zen Ertzaintza gizon batzuk ikertzen ari zela Aldundiaren tutoretzapean zeuden adingabeekin sexu harremanak izateagatik.