Gizartea -

Agiria

Pablo Gonzalezen giza eskubideak errespeta daitezela eskatu dute ahoz batez euskal prentsako zuzendariek

Polonian sei hilabete atxilotuta daraman kazetaria aske utz dezaten eta prozesu judizial gardena izan dezan aldarrikatu dute Berria, Gara, Deia, Correo, Diario Vasco, Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Navarra kazeten zuzendariek igande honetan zabaldutako ohar baten bidez.

Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko argazki batean. Irudia: EITB MEDIA
Pablo Gonzalez kazetaria, artxiboko argazki batean. Irudia: EITB MEDIA
Pablo Gonzalezen giza eskubideak errespeta daitezela eskatu dute Euskal Herriko prentsako zuzendariek

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poloniako espetxe batean atxilotuta dagoen Pablo Gonzalez euskal kazetariaren giza eskubideak eta berme prozesalak errespeta daitezela exijitu dute aho batez euskal prentsako zuzendariek, Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ekimenez igande honetan zabaldutako ohar baten bidez.

Euskal gizarteari, erakundeei eta Europako agintariei zuzendatuko gutunean, Berria, Gara, Deia, Correo, Diario Vasco, Noticias de Álava, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Navarra kazeten zuzendariek Pablo Gonzalezen egoera gogorarazi dute.

"Espioi errusiarra izatea egotzita sei hilabete baino gehiago daramana Polonian kartzelaturik, behin-behineko espetxealdian, inkomunikatuta eta espetxe erregimen gogor baten menpe", adierazi dute, "otsailean atxilotu zuten, herrialde hartan berriemaile zebilela, Errusiaren inbasioaren ondorioz ukrainarrek hasi zuten exodoari buruz informatzen. Gonzalez aditua da alor horretan, eta haren kazetaritza lanak zenbait hedabidetan argitaratu izan dira".

Oharraren sinatzaileek azpimarratu dutenez, "orain arte ez dute inolako frogarik aurkeztu hura atxilotu eta kartzelatu izana justifikatzeko". Gainera, Gonzalezen bizi-baldintzak "onartezinak" direla kritikatu dute: "inkomunikatuta daukate, ez dizkiote gutunak normal helarazten, ez diote uzten senideen bisitarik hartzen, eta arazoak ditu bere abokatuekin komunikatzeko".

"Prentsa askatasuna urratzen ari dira, defentsarako eskubidea ere bai, eta baita atxilotuen eskubiderik oinarrizkoenak ere, zeinak jasoak baitaude Europako Batasunaren eta Nazio Batuen zenbait arau eta tratatutan", gaineratu dute.

Horren aurrean, euskal kazetariaren giza-eskubideak eta berme prozesalak errespeta daitezela exijitu dute, "emaitza gorabehera". "Gerra ezin da aitzakia izan adierazpen askatasuna deuseztatzeko eta herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidea urratzeko", bukatu dute.

Oharra sinatu dute Martxelo Otamendik (Berria), Jose Miguel Santamariak (Correo), Iñaki Gonzalezek (Deia), David Tabernak (Diario Vasco), Marta Martinek (Diario Noticias de Alava), Eduardo Iribarrenek (Diario Noticias de Gipuzkoa), Joseba Santamariak (Diario Noticias de Navarra) eta Iñaki Sotok (Gara).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Errusia albisteak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Kazetaritza azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra gaur