Gizartea -

COP26

Munduak gaur egun halako lau ekoitzi beharko luke berriztagarriekin 2030erako, txosten baten arabera

Glasgown klimaren ituna erdietsi zuten 45 herrialdeek txostena eskatu zieten hainbat erakunde adituri. Gaur kaleratu duten dokumentuak 25 gomendio eman ditu COP26 goi bileran ezarritako helburuak betetzeko.

Hidrogeno berdearen ekoizpenak 150 milioi tonakoa beharko luke 2030erako.
Hainbat lantegi.
Hidrogeno berdearen ekoizpenak 150 milioi tonakoa beharko luke 2030erako.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima aldaketaren ondorioak apaltzeko nazioarteak bere buruari jarritako helburuak betetzeko, energia berriztagarriekin (eguzki energia eta energia eolikoa) gaur egun halako lau ekoitzi beharko luke munduak 2030erako

2021ean Glasgown (Eskozia) klimaren goi bileran —COP26— parte hartu eta ituna erdietsi zuten 45 herrialdeek txostena eskatu zieten hainbat erakunde adituri. Gaur kaleratu dute ikerketa, eta 25 gomendio bildu dituzte helburuok lortzeko bidean. Hain justu, berriztagarrien aldeko apustua ezinbestekoa dela uste dute txostenaren egileek. 

Energiaren Nazioarteko Agentziak, Energia Berriztagarrien Nazioarteko Agentziak eta Klima Aldaketarako NBEren Goi mailako Txapeldunen elkarteak egin dute txostena. Horien arabera, zortzi urteren buruan, eguzki energiarekin aparteko 630 gigawatt ekoitzi beharko dira, eta 30 gigawatt, haize energiarekin. 

Adituen hitzetan, energia berriztagarrien ekoizpena % 8 igoko da aurten, 300 gigawatteraino, hots, 225 milioi etxebizitzari energia emateko lain. 

Bada beste gomendiorik. Uste dute data ezarri behar dela CO2 isurtzen duten ibilgailu berriak saltzeari uzteko. Euren proposamena da auto eta furgoneten kasuan 2035ean ezartzea muga, eta 2040an, kamioien kasuan. 

Hidrogeno berdea delakoaren (energia berriztagarriekin sortzen dena) eta CO2 isurketa maila txikiekin ekoizten den hidrogenoaren kopurua handitzearen alde egin dute txostenaren egileek. Gaur egun ekoizten diren milioi tona pasatxotik, 150 milioi tonara hazi beharko litzateke 2030erako. 

Burdingintza sektoreari zuzendutako aholkuei dagokienez, lehentasuna da isuri txikiko altzairuaren ekoizpena gaur egungo milioi tonetatik 100 milioi tonara pasatzea zortzi urte barri. Isurketak % 30 jaitsiko lirateke, adituen ustez. 

Nekazaritza sektorean ere mugak jartzea babestu du txostenak.

Azkenik, ikerketaren egileek diote nazioarteko lankidetza oso garrantzitsua izango dela helburuak betetzeko. Hartara, trantsizioa "azkarragoa, merkeagoa eta errazagoa" izango da. Ohartarazi dutenez, "lankidetza hori gabe, trantsizio ekologikoa hainbat hamarkadatan atzera daiteke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Nazioartea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa Energia berriztagarriak NBEren klimari buruzko goi-bilera Energia iturriak gaur