Gizartea -
Txertaketa
Euskadi irailaren amaieratik aurrera hasiko da covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia jartzen
Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu du txertaketa baterakoa izango dela, iaz bezala: "Prozedura prestatzen ari gara, eta ondorengo egunetan esango dugu noiz eta nora joan beharko garen".
EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostiral honetan iragarri duenez, covid-19aren aurkako txertoaren laugarren dosia irailaren amaieratik aurrera hasiko dira jartzen Euskadin, hilaren 26aren bueltan. Bilbon izan da sailburua, Mondragon Unibertsitatearen 2022-2023 ikasturtearen hasiera ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin; Sagarduiren esanetan, Osakidetza prest dago, "beti bezala", txertatzeko, "gripearen aurka, edo covid-19aren aurka": "Garrantzitsuena da txertoak eskura izatea, eman ahal izateko", zehaztu du.
Hori dela eta, ziurtatu duenez, txertoak prest daudela baieztatu bezain laster, Osakidetzak jakitera emango du zeintzuk izango diren txertatzeko prozedurak eta nola kudeatuko duten kanpaina, aurrekoetan gripearen kanpainarekin egin dutenez. Hori izango da, nabarmendu duenez, hilaren 26aren bueltan.
Sailburuak lasaitasun mezua helarazi die herritarrei: "Prozedura prestatzen ari hara, eta ondorengo egunetan esango dugu noiz eta nora joan beharko garen" txertoa hartzera. Sagarduik zehaztu du asmoa dela irailaren azken egunetan edo urriaren hasieran ematea xehetasunen berri.
"Txertoak izango ditugu, azpiegitura dugu, eta profesional onenak ere bai. Osakidetza prozedura zehazten ari da amaitzen", erantsi du Sagarduik.