Gizartea -
Elkarrizketa
Larizgoitia: "Azken asteotan gripe kasu asko ikusi dugu, eta horrek harritu egiten gaitu"
Radio Vitorian egindako elkarrizketan, Itziar Larizgoitiak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, baieztatu du gripeak goia jo duela udan, ospitaleratze batzuekin. Oraingoz, ez dakite zergatik, baina ez dute baztertzen covid-19arekin zerikusia izatea.
EITB MEDIA
Gripea inoiz baino lehen heldu da gurera. Itziar Larizgoitia Osasun Publikoko zuzendariak Radio Vitorian egindako elkarrizketan baieztatu duenez, birus horrek goia jo du egunotan, eta hainbat pertsona ospitaleratu behar izan dituzte.
"Gripe kasu asko ikusten ari gara azken aste hauetan, eta harritu egiten gaitu, aurrerago gertatu ohi direlako. Egia da, halaber, ia lehen aldiz gripearen jarraipena egiten ari direla urte osoan. Ez dugu daturik beste urte batzuetan udan gripearen beste kasurik egon den ala ez esateko, baina egia da gripeak eragindako kasuak eta ospitaleratzeak gertatzen direla", azaldu du Larizgoitiak.
Oraingoz, gripearen aurrerapenaren arrazoiak ez dira ezagutzen, baina hainbat hipotesi badaude. "Ez dakigu zein den arrazoia, agian orain intentsitate handiagoz neurtzen delako. Litekeena da covidaren ondorioz unibertso birikoan gertatu diren aldaketekin eraldaketak eragin izana beste birus batzuen portaeran. Gripearena izan daiteke horietako bat, aurrea hartzea eragingo dion portaera desberdinarekin", adierazi du Osasun Publikoko zuzendariak.
Gripearen sasoiaren aurrerapen hori Europako hainbat herrialdetan ere gertatzen ari da.