Gizartea -

Sexu-abusuak

Frantzisko aita santuak Gaztelueta ikastetxeko auzia berriz zabaltzeko agindua eman du

Aita santuak berak idatziriko eskutitzaren bidez jaso du berria Cuatrecasas familiak. Elizak 2015ean itxi zuen auzia.

Frantzisko aita santua. Irudia: EITB Media
Frantzisko aita santua. Irudia: EITB Media
Frantzisko aita santua. Irudia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaztelueta ikastetxeko (Leioa) sexu abusuen auzia berriz zabaltzeko agindua eman du Frantzisko aita santuak biktimarekin bildu ondoren, EITB Mediak jakitera eman duenez.

Frantzisko aita santuak berak idatziriko eskutitzaren bidez jaso du berria Cuatrecasas familiak. Senideek erabakia "berandu" heldu dela uste dute, baina "pauso handitzat" jo dute. Elizak 2015ean itxi zuen auzia.

"Berandu iritsi da, baina azkenean, Elizak pausoa eman du", adierazi du biktimaren aitak. Aitaren ahotan, 2015eko ikerketa "tranparekin" egin zuten, semeari galdeketa "ia poliziala" eginez eta irakaslearen bulegoaren kokalekua gerora aldatuz, biktimak egindako marrazkiarekin bat ez etortzeko.

"Lotsagarria izan zen, eta gezurrezko ikerketa iruzurtia itxi zuten. Orain, prozedura kanonikoa zabalduko dute; serio, garden eta berme juridiko guztiekin aurrera eramatea espero dugu, nire semeari beti falta izan zaizkiolako halako bermeak, Fede eta Doktrinaren Epaimahaian, eta mundu guztiak ikustea nahi dut", erantsi du.

Irakasleak Elizaren zigorra jasotzea espero du aitak, auzitegietan bezala. Era berean, "Opus Deiren jarrera larderiatzea", nahi du, "pederastia biktimari errespetua faltatzen eta gorrotoa akuilatzen jarraitzen duelako".

Opus Deik "biktima mespretxatu, sufrimendua minimizatu, eta negazionismoa eta gorrotoa akuilatzen du", gaineratu duenez.

"Lotsagarria izan zen, eta gezurrezko ikerketa iruzurtia itxi zuten"

Iragan otsailean, Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen sexu abusu jarraituengatik zigortutako irakasleak jarritako babes helegitea.

Hala, bukatutzat eman zuen ikasle bati egindako abusuengatik hasitako jardunbide judiziala. Biktimaren familiak, beraz, kalte ordaina eskatu ahal dio ikastetxeari kalte galerengatik. 

Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion irakasleari frogatutzat eman zuelako, bi ikasturtetan zehar, abusuak egin zizkiola 11-13 urte bitarteko ikasle horri. Ikasketen bilakaera eta umearen jarrera aztertze aldera, bulegora deitzen zuen, eta han sexu abusuak egiten zizkion adingabeari.

Epaiaren arabera, gainera, irakasleak ikastetxean eragindako giroaren ondorioz, umeak bullyinga jasan zuen.

Gorenak, baina, arindu egin zuen auzipetuaren zigorra. Sexu abusu jarraituak egon zirela berretsi bazuen ere, bi urtera jaitsi zion zigorra. Hori horrela, akusatua ez zen kartzelara joan, Gorenak esan baitzuen ezin izan zituztela biktimak kontatutako zenbait atal egiaztatu.

Horren aurrean, 2020ko azaroan, Bizkaiko Auzitegiak epai betearazle bat agindu zuen, eta, horren bidez, irakasleari debekatu egin zion gutxienez lau urtez ikaslearengana gerturatzea, biktima babestu gisa hartu baitzuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gizartea Aita santua Eguneko albisteak Leioa albisteak Albisteak Sexu erasoak Sexu abusuak Eliza Katolikoan