Gizartea -
Koronabirusa
"Pandemiaren amaiera begi bistan dago", Munduko Osasun Erakundearen arabera
Erakundeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, "azken txanpa" honetan arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu eta osasun sistemak hobetu behar dira.
Agentziak | EITB Media
Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundearen (MOE) zuzendari nagusiak esan du mundua "ez dela inoiz covid-19aren pandemiaren amaieratik hain gertu egon". 2020ko martxotik izandako heriotza kopuru txikiena erregistratu zuten joan den astean, eta horrek eman dio hizpidea Tedrosi.
"Oraindik ez gara iritsi, baina pandemiaren amaiera begi bistan dago", azaldu du Tedrosek astero egin ohi duen prentsaurrekoan. Dena dela, erne jarraitzeko eskatu die estatuei: "Maratoietako korrikalariak ez dira gelditzen helmuga gertu ikusi arren".
MOEk zehaztu du Estatuei osasun gidalerroak prestatu dizkietela "azken txanpa" honetan zaindu beharrekoak zeintzuk diren zehazteko. Honako hauek nabarmendu ditu, besteak beste: arrisku taldeak txertatu, aldagai berriak kontrolatu, eta osasun sistemak hobetu.
Azken bi urteotako kudeaketa kritikatu du The Lanceten azken txostenak
Bien bitartean, The Lancet aldizkari zientifiko ezagunak egindako txosten batek aztertu ditu azken bi urteetan estatuek pandemiaren inguruan egindakoak. Ondorioztatu duenez, astiroegi jardun dute, eta pertsona zaurgarriak ez dituzte behar bezala zaindu. Hortaz, 17,1 milioi bizitza galdu dira, asko eta asko, saihestu ahal ziren heriotzak.
Munduko 28 adituren iritziak eta analisiak jaso dituzte txostena egiteko. Pandemian ondo egindakoen artean honakoak aipatu ditu: txertoak denbora errekorrean lortzeko lankidetza, familiei eta enpresei laguntzeko gobernuek egindakoak eta Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak emandako larrialdietarako laguntzak.
Bestalde, akatsen zerrenda ere kaleratu du aldizkariak. Horren arabera, MOEk beranduegi izendatu zuen pandemia, eta beranduegi aitortu zuen birusa aire bidez kutsatzen zela.