Gizartea -
Lehortea
Karrantzak 200.000 litro ur jasoko ditu egunero gaurtik aurrera Kantabriatik iritsitako kamioitan
Lehorteari aurre egiteko, Ramales de la Victoriatik jasoko du ura Bizkaiko udalerriak eta, nahikorik ez balitz, Ampuerotik. Karrantza hornitzen duten bi urtegiak, alegia, Cerroja eta La Argañeda, % 34an eta % 13an daude hurrenez hurren.
EITB MEDIA
Lehortea dela eta, Karrantzak egunero 200.000 litro ur jasoko ditu aurrerantzean Kantabriatik iritsitako kamioitan, Raul Palacio alkateak asteartean Euskadi Irratiari esan dionez. 'Faktoria' saioan izandako elkarrizketa batean, Palaciok zehaztu du Bizkaiko udalerriak Ramales de la Victoriatik jasoko duela ura, eta, nahikorik ez balitz, Ampuerotik. Karrantza hornitzen duten bi urtegiak, alegia, Cerroja eta La Argañeda, % 34an eta 13an daude hurrenez hurren.
Alkateak jakitera eman du Karrantzak astelehenean jaso duela Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoko Zuzendaritzaren baimena kamioiak heltzen has daitezen. Ura bi depositutan gordeko dute.
Palaciok nabarmendu du La Argañedako urtegiak, % 13an dagoenak, gehienez % 40an beteta egoteko aukera duela, kontuan izanik nola dagoen eraikita. Udalerriak, hortaz, muga hori du hasieratik, lehorteei aurre egite aldera.
Karrantzan 2.700 bat herritar bizi dira, eta 12.000 abelburu inguru daude bertan, tartean, Bizkaian esnetarako ustiatzen diren behien % 84.
Neurriak, Busturialdean
Lehorteari aurre egitea eta edateko ura bermatzea helburu, Karrantza ez da ezohiko neurriak hartzen dituen lehen udalerria Bizkaian. Hain zuzen, Busturialdeko zenbait udalerrik asteak daramatzate ura jasotzen Bermeoko portuan dagoen itsasontzi batetik. Pedro Maria Barreiro Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerentearen arabera, "salbuespenezko egoeretarako salbuespenezko neurriak" dira horiek.