Gizartea -

osasuna

Autodiagnosirako proba bateratuak: covida ala gripea?

Udazkeneko kanpainarako prestatzen hasi dira farmaziak; A gripea, B gripea eta koronabirusa hautemateko test konbinatuekin. Hala, gizabanakoek bereizi ahal izango dituzte patologia horiek eragindako sintomak eta ohiko hotzeritik eratorritakoak.

Koronabirusa hautemateko antigeno proba positiboa. Argazkia: Pixabay
Koronabirusa hautemateko antigeno proba positiboa. Argazkia: Pixabay
Koronabirusa hautemateko antigeno proba positiboa. Argazkia: Pixabay

itxaso leon kareaga | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gripe olatu berria pil-pilean eta koronabirusaren aurkako txertoaren laugarren dosia gertu ditugula, autodiagnosirako proba bateratuak merkaturatzen hasiak dira farmaziak. Horiei esker bereizi ahal izango ditugu covidak eragindako infekzioak eta A edo B gripeen gisako aldaeretatik eratorritakoak.

Izan ere, parekoak dira aipatutako patologiek agertzen dituzten sintomak. Neke orokortua, eztula, buruko mina, eztarriko mina edo doministikuak agertu ohi dira horrelakoetan.

Hala, euskal farmazietara ere aurki iristekoak dira test berriak. Hori da, besteak beste, Bilboko Bidaguren farmaziaren kasua; enkargua eginda daukate eta aste honetan zehar jasotzea dute aurreikusita. Teresa Bidaguren farmazialariak eitb.eus-i azaldu dionez, beti da gomendagarria "covid kutsaketaren aukera baztertzea", batez ere, arrisku taldeetako pertsonekin edo haurtzaindegi adinean dauden haurrekin elkarbizitza egiten duten pertsonen kasuan.

Gogorarazi duenez, covidaren aurreko prebentziozko neurrien arintzea tarteko, garrantzitsua da kasuok egoki kudeatzen jakiten jarraitzea. Hartara, kutsatuz gero, "musuko kirurgikoa erabili" beharko genuke sintomen agerpenetik, "eta horrekin bizi, 6-7 egunean zehar". Ardura kolektiboaren garrantzia azpimarratu du farmazialariak: "ez zaigu ezer kostatzen musukoa ipintzea hotzeri sintomak nabaritzen hasten bagara".

Uda honetan askotariko koronabirus aldaerak agertu direla eta, bariazio handia izan dute birusaren epeek eta inkubazioak. Dena dela, oro har, "karga birikoa punturik baxuenean izaten da lehen egun horietan zehar". Hori dela eta, horren eraginkortasuna bermatzeko, infekzioa harrapatu eta astebetera egin beharko litzateke proba, birus karga punturik gorenean denean. Era berean, Bidagurenek gomendatu du "farmazialariari galdetzea" horren erabileraren zein interpretazioaren inguruan sor daitezkeen zalantzak.

Birologoek aurreikusi dutenez, litekeena da negu honetan gripearen intzidentzia handiagoa izatea, murrizketarik gabeko lehena izaki, biztanleriaren gehiengoak immunitatea galdu baitu musukoen erabileragatik.

Testen erabilera eta nondik norakoak

2021eko udan covid-19aren aurreko autodiagnosirako antigeno probak merkaturatu zituztenetik, nabarmen hedatu dira biztanleriaren artean. Sendagaigileen Elkargoen Kontseilu Orokorrak jakitera eman duenez, test berri hauek "ohiko ditugunen antzera funtzionatzen dute". Kasu honetan, ordea, SARS-CoV-2aren aurreko antigenoez gain, bestelako infekzio birikoak (A gripea edo B gripea, kasu) zein arnas birus sintzitiala ere hautemango ditu. Egun, unitateko 2,94 euroko prezioa dute test horiek.

Sendagaigileen Elkargoen Kontseilu Orokorra: "Test berri hauek ohiko ditugunen antzera funtzionatzen dute"

Lagina sudur bidez zein listu bidez jaso daiteke eta, behin lagina lortuta, erreaktiboarekin nahasiko da, eta nahasketa hori probaren kasetean dagoen putzutxora edo bi putzutxoetara isuri, test motaren arabera. Kasu honetan, SARS-CoV-2a hautemateko lerro bakarraren ordez, hiru lerro izango ditugu: A gripearentzako bat, B gripearentzako bat eta covid-19aren birusa hautemateko beste bat.

15-20 minutu inguru igarota, probaren arabera, emaitzak irakurri ahal izango ditugu, eta jakin ahal izango dugu positibo eman dugun birus horietakoren batean, kasetean nabarmenduta ageri den lerroaren arabera.

Txertaketa kanpainak

Bigarren indartze-dosia (koronabirusaren aurkako txertoaren laugarren dosia) irailean zehar inokulatzen hastea aurreikusi du Espainiako Gobernuak, bigarren hamabostalditik aurrera.

Txertaketa lantaldearen proposamenaren arabera, Osasun Publikoaren Batzordeak ezarri du 80 urtetik gorakoekin eta egoitzetan dauden pertsonekin hasiko dela txertaketa, eta, ondoren, 60 urtetik gorakoekin jarraituko duela.

Bestalde, ohiko gripearen aurkako urteroko txertaketa kanpaina ere abiatuko da urrian, arriskuzko biztanleriari bereziki zuzenduta.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak argazkiak Gizartea albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Osasunari buruzko albisteak Gripea Koronabirusa Farmazien albisteak