Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiako adierazleak gutxienekoetan dituela abiatuko du EAEk udazkena

Ospitaleratzeen eta ZIUetan dauden gaixoen kopuruak nabarmen egin du behera azken bi hilabeteetan, eta pasaden astearekin alderatuta, egonkor daude. Bost pertsona zendu dira covid-19ak jota, iazko azarotik izandako kopuru txikiena.

Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Hainbat pertsona, Bilbon.
Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Udazkena ate joka dugula, urtaroari koronabirus datu onekin ekingo dio Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE); izan ere, pandemiaren adierazle guztiak gutxienekoetan daude. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak covid-19aren bilakaeraren berri ematen duen txosten epidemiologikoa kaleratu berri du, irailaren 5etik 11ra doan tarteari dagokiona. Pandemiak osasun sisteman duen eraginaren adierazleek nabarmen egin dute behera azken bi hilabeteetan, eta, atzora arte, 96 pertsona zeuden erietxeetan, eta 6, ZIUetan. Ifrentzuan, abuztu erdialdean, 286 lagun zeuden ospitaleratuta, eta uztaileko sasoi berean, 675. Duela bi hilabete, gainera, 32 pertsona zeuden larri zainketa intentsiboko unitateetan. 

Hildakoen kopurua ere jaitsi egin da. Azken astean, bost pertsona zendu dira. Iazko azaroaren 15-21 astetik zenbatutako kopuru txikiena da (orduan ere bost lagun hil ziren). 

Pandemiaren bilakaeraren nondik norakoa adierazten duen beste datu batek, azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatuak, egonkor dirau, eta 70 kasuren bueltan dago, aurreko astearen antzera. 60 urtetik gorakoen intzidentziak apur bat egin du gora (100.000 biztanleko 149 kasukoa da; joan den astean 146koa), baina duela bi hilabete erregistratutako datuetatik urrun dago, nolanahi ere (uztailaren 11n, 918 kasukoa zen intzidentzia).

Oinarrizko birsorkuntza tasa (R0a delakoa, alegia, positibo batek kutsa ditzakeen pertsona kopurua) 1etik behera dago, epidemiologoek onargarri jotzen duten mailaren azpitik (0,95). Nolanahi ere, lurraldeka, Gipuzkoan bakarrik dago 1etik behera (0,73), Araban (1,06) eta Bizkaian (1,01) gorago baitago. 

Gainerakoan, joan den astean 10.457 test egin ziren, eta 697 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa % 6,7koa da, joan den astekoaren azpitik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak