Gizartea -
BEROA
Euriagatik eta ekaitzagatik abisu horian dago EAE
15:00etan ezarri dute abisua, eta 22:00ak arte egongo da indarrean. Bestalde, sute arriskuagatik beste abisu hori bat ere badago ezarrita, atzotik. 35 graduraino iritsi dira termometroak.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Bero itogarriaren ondotik euri zaparradak eta ekaitz gogorrak daude iragarrita 15:00etatik aurrera EAEn eta 18:00etatik aurrera Nafarroan. Hala, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Euskalmeten arabera, hego haizea zakartu egingo da gaur eta ezegonkortzera egingo du eguraldiak. Zerua hodeitsu egongo da, batez ere, egunaren bigarren zatian. Tenperatura maximoak atzokoak baino baxuagoak izango diren arren, bero handia egingo du, baita kostaldean ere. 35 graduraino iritsiko dira termometroak. Arratsalderako euri jasak eta haize ufada gogorrak espero dira, eta odubetean metro karratuko 15 litro ur pilatzea aurreikusten da.
Bestalde, atzotik eta gaur iluntzera arte, tenperatura altuek eragindako sute arriskuagatik ere abisu horia dago indarrean EAEn.
Bien bitartean, Bizkaiko suhiltzaileek kontrolpean hartu dute atzo arratsaldean Zeberion (Bizkaia) piztutako baso sutea. Goizaldean hartu ahal izan dute garren kontrola, eta, hala, dotazioak parkeetara itzultzen hasi dira. Dena dela, kontrol taldeak geratu dira, hego haizea zakar baitabil.
Garrak Arbildu auzoan piztu ziren bart. Karlos Idirin Zeberioko alkateak Euskadi Irratiari azaldu dionez, uda honetan, hirugarrenez piztu da sutea paraje horretan.
Nafarroan, berriz, suteengatik AEMET agentziak aurreikusi duen arrisku maila muturrekoa edota oso handia da, eta bertako agintariek zuhurtziaz jokatzeko eta suteak ekiditeko ezarritako arauak errespetatzeko eskatu diete herritarrei.