Gizartea -
Sutea Zeberion
Zeberioko alkatearen ustez arrazoi nahikoa dago suteak nahita piztutakoak izan direla pentsatzeko
"Agian asko esatea da, baina, bi hilabetetan hiru aldiz, 150 metro barruan, bide ondoan eta beti ordu berean", piztu izanaren atzean "asmo txarrak" daude Karlos Idirinen ustez.
O. P. | EITB Media
Karlos Idirin Zeberioko alkatearen ustez "asmo txarra" dago atzo arratsaldean Zeberion piztutako sutearen atzean eta arrazoiak ikusten ditu nahita piztua izan dela pentsatzeko. Izan ere, Euskadi Irratian nabarmendu duenez, bi hilabetetan, hirugarrenez "150 metro barruan, bide ondoan eta ordu berean" piztu dira suteak.
Urteetan pinuen kontra izandako "gerren" oihartzuna datorkio alkateari gogora, baina argi du "ezin dela, horren arin horregatik denik ziurtatu". Ikerketa martxan dela eta hark argitzea espero du.
Sutearen egoerari dagokionez, arriskuz kanpo dagoela dio alkateak, "gelditzen diren sugarrak motzondo zaharretakoak dira eta horiekin ibili beharko da kontuz, bizitu egin baitaitezke". Eremu horretan haizea ere oso aldakor ibiltzen dela ohartarazi du eta, beraz, adi egon beharko dela.
Halaber, arriskuan egon diren bi baserri ere salbatu ahal izan direla nabarmendu du, "hutsik zeuden momentu horretan, gainera, eta kasik hobe, ze bertakoek sua baserri inguruan ikusi izan balute, gaizki pasako zuten".