Gizartea -
Sua Bizkaian
Zeberioko baso sutea kontrolatzea lortu dute
Hirugarren aldia da uda honetan gune horretan sua pizten dela. Sugarrak handiak dira, eta kalte pertsonalik egon ez diren arren, baso brigadetako bat artatu behar izan dute, sutearen itzaltze-lanetan zauritu ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bizkaiko suhiltzaileek kontrolpean hartu dute atzo arratsaldean Zeberion (Bizkaia) piztutako baso sutea.
Goizaldean hartu ahal izan dute garren kontrola, eta, hala, dotazioak parkeetara itzultzen hasi dira. Dena dela, kontrol taldeak geratu dira, hego haizea zakar baitabil.
Garrak Arbildu auzoan piztu ziren bart. Karlos Idirin Zeberioko alkateak Euskadi Irratiari azaldu dionez, uda honetan hirugarrenez piztu da sutea paraje horretan. Alkateak susmoa du sutea nahita piztutakoa ote den. "Bi hilabetean hiru bider eta bide kontran, 130 metrotako eremuan piztu da. Mala letxea da hori", deitoratu du.
Garrak 15:00ak aldera hasi ziren. Ez da kalte pertsonalik izan, baina sugarrak handiak dira eta basoaren zati handi bat irentsi du.
Bizkaiko Suhiltzaileek Twitter bidez zabaldu dutenez, baso-brigadetako bat artatu behar izan dute osasun zerbitzuek, sutearen itzaltze lanetan zauritu ostean.
Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) baso sute arriskuagatik abisu horian dago gaur, 18:00ak arte.