Gizartea -
ilargira misioa
Artemis I misioa prestatzen ari da NASA, beste jaurtiketa saiakera baterako
AEBko agentzia espazialaren arabera, hilaren 23rako, ostirala, dago aurreikusita jaurtiketa.
agentziak | eitb media
NASAko ingeniariek Jaurtiketa Espazialerako Sistemako suziriaren (SLS, ingelesez) erdialdeko bi zigiluak aldatu dituzte. Artemis I misio historikoa eramango du ilargira suziriak, eta erregai tanga betetzeko proba prestatzen ari dira, hilaren 23rako aurreikusitako jaurtiketa saiaketa berrirako.
Hala jakinarazi du AEBko agentzia espazialak misioaren blogean, bi aldiz saiatu ostean Cabo Cañaveraletik (Florida) SLS suziri erraldoia jaurtitzen, Orion ontzia itsatsita eramango duelarik.
Hidrogeno likido filtrazio baten ondorioz gelditu behar izan zuten iragan larunbatean jaurtiketa leihoa irekitzeko atzera kontua, aurreikusitakoa baino 3 ordu goizago. Egindako "ahalegin ugariak" gorabehera, ezin izan zuten konpondu.
Abuztuaren 29an izan zen lehen saiakera, baina azken orduan bertan behera utzi behar izan zuten, SLS suziriko RS-25 motoreetako baten akatsa bitarteko. 98 metroko luzera du, eta 4.100 dolar balio izan zituen.
Misioaren berri ematen duen blogaren arabera, NASAk "irailaren 23rako, ostirala" dauka aurreikusita hurrengo jaurtiketa saiakera.
Hala, SLS suziriaren eta Orion ontziaren ahalmenak probatzea da lehen Artemis misio honen helburua, 2024 hasierarako aurreikusitako bidaiaren aurretik. Horren ostean, hirugarren bidaia batek estatubatuar astronautak eramango ditu ilargira, 1972tik lehen aldiz; tartean, emakume bat eta pertsona beltz bat.
Tripulaziorik gabe aterako den Artemis I misioa 37 egun, 23 ordu eta 53 minutu luzatuko da. Denbora-tarte horretan zehar, joan-etorrietako denbora kenduta, Orion ontziak Ilargia orbitatuko du.