Gizartea -

2022-2023 IKASTURTEA

EHUko ikasle berrien % 53k euskeraz egingo dituzte ikasketak

Irailaren 14ean egingo da 2022-2013 ikasturtearen irekiera ekitaldia Bizkaiko Kanpusean. 8.300 ikasle baino gehiago matrikulatu dira aurten, lehen aldiz, eta horien % 57 emakumezkoak dira.

Ikasleak gelan. Argazkia: Unai Zorriketa, EHUko Komunikazio Bulegoa
Ikasleak gelan. Argazkia: Unai Zorriketa, EHUko Komunikazio Bulegoa
Ikasleak gelan. Argazkia: Unai Zorriketa, EHUko Komunikazio Bulegoa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matrikulazio epea ixteko gutxi faltan den honetan, 8.316 pertsonak eman dute jada izena Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen 105 graduetakoren bat hasteko. Ikasle berrien % 57 emakumezkoak dira eta ikasle guztien % 53 euskaraz ikasteko matrikulatu dira.

Gehienek, % 75,73k, lehen aukera zuten graduan matrikulatzea lortu dute eta % 14,08k bigarren aukeran.

Lurraldeka, ikasleen %53,3 Bizkaiko Kanpusean matrikulatu dira, % 25,7 Gipuzkoan eta % 21 Araban.

Ikasketak hasteko beharrezkoa den notari dagokionez, hauek dira nola altuena duten graduak: Fisika + Ingeniaritza Elektronikoa Gradu Bikoitza (13,200); Biokimika eta Biologia Molekularra (12,956); Medikuntza gaztelaniaz (12,904); Double Bachelor's degree in Business and Economics (12,845); Medikuntza euskaraz (12,698); Bioteknologia (12,554); Ikus-Entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza Gradu Bikoitza (12,496); Odontologia (12,482); Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia Gradu Bikoitza (12,454); Fisika (12,361); Ingeniaritza Mekanikoa + Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza Gradu Bikoitza (12,132), eta Erizaintza (Leioa) (12,101).

35.000 ikasle aurten, EHUn

Orotara, 35.000 ikasle inguruk ikasiko dute ikasturte honetan EHUn. 105 gradu dituzte aukeran, guztiak EAEko bi hizkuntza ofizialetan egiteko aukerarekin (euskaraz zein gaztelaniaz). Gainera, gorantz jarraitzen du beste hizkuntza batzuetako eskaintzak. Business + Economics Gradu Bikoitza ingelesez ematen da; eta Lehen Hezkuntza, modalitate hirueledunean, Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (Arabako Campusa) eta Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Bilboko fakultate horretan Haur Hezkuntza ere ematen da modalitate hirueledunean. Gainera, gradu gehienek ingelesezko irakasgaiak dituzte (800 baino gehiago), eta 180 ikasgai beste hizkuntza batzuetan ematen dira.

108 master edo graduondoko ere eskaintzen ditu EHUk, horietako 8 Erasmus Mundus master bateratuak. Gainera, doktoregoetan, diziplina guztietako 66 programa ere eskaintzen diutuzte.

11 gradutan prestakuntza dualeko proiektuak garatzen dira eta ikasle gehienek dute praktikak egiteko aukera. Iaz 12.835 praktika egin ziren.

Aurreikuspenen arabera, aurten 2.373 ikaslek egingo dute, gutxienez, lauhileko bat Estatuko zein naziarteko beste unibertsitate batean eta toki horietako 902 ikasle iritsiko dira EHUra.

Eskolak hasi dira jada 9 fakultatetan eta datorren astean hasiko dira beste 11tan. 2022-2023 kurtsoa irailaren 14ean inauguratuko da ofizialki, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eva Ferreira Unibertsitateko buruak parte hartuko duten ekitaldi batekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Gazteak Eva Ferreira