Gizartea -
Suizidioaren prebentzioa
Jon Garcia, psikiatra: "Jendarte osoak ezagutu behar ditu suizidioaren arrisku- eta babes-faktoreak"
2003az geroztik, irailaren 10a Suizidioaren Prebentziorako Munduko Eguna da. Buru hilketen prebentzioa erronka unibertsala da, gizarteari, bere osotasunean eragiten diona. Hori dela eta, zeregin horretan laguntzeko nondik norakoak partekatu ditu Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko psikiatrak.
Iker Rincon Moreno | EITB MEDIA
Hasteko, zerk eramaten du pertsona bat bere burua hiltzera?
Ez dago arrazoi bakar bat. Suizidioa maizago gertatzen da estresa eta osasun-arazoak elkartzen direnean, sufrimendua eta etsipena eraginez. Depresioa da nahasmendurik ohikoena eta diagnostikatu, eta tratatu gabe egoten da sarritan. Depresioak, antsietateak eta substantziak hartzeak, beste batzuen artean, areagotu egiten dute suizidiorako arriskua, ez badira tratatzen. Zorionez, euren buruko osasuna era aktiboan kontrolatzen duten pertsona gehienek aurrera jarraitzen dute euren bizitzarekin.
Zelan detekta daiteke pertsona batek bere buruaz beste egin nahi duela? Hau da, zeintzuk sintoman jarri behar da arreta?
Alarma-seinalerik ohikoenak hauexek dira: suizidioari buruz hitz egitea (hiltzeko edo bere buruaz beste egiteko gogoa jakinaraztea), edota bere burua hiltzeko planak egitea (metodoak bilatzea); alarma psikologikoaren seinaleak egoten dira gehienetan, hala nola min psikikoa, etsipena, zama bat izatearen irudipena, edota norberaren bere buruarekiko ezinikusia; jokabide-seinaleak eta seinale fisikoak, besteak beste, elkartze edo konektibitate eskasa (senide, lagun eta beste pertsona esanguratsuengandik isolatzea), loaren nahasmenduak, suminkortasuna, alkohol nahiz droga gehiago kontsumitzea; eta gauzak oparitzea, agurtzea edota sare sozialak ageriko arrazoirik gabe ixtea…
Horretaz hitz egitea garrantzitsua da. Zergatik, eta zelan bidera daiteke gai hori?
Norbaitengandik kezkatuta egotekotan, hitz egin behar dugu berarekin: pertsonari entzun behar zaio, guretzat garrantzitsua dela erakutsiz; gomendagarria da suizidioari buruz galdetzea, baina lasaitasunez eta juzgurik gabe. Ez gara bizitzaren balioari buruz eztabaidan hasiko, ezta arazoak gutxiesten edo aholkuak ematen; aldiz, aurrean daukagun pertsonaren sufrimendua balioztatuko dugu, eta gure laguntzeko asmoa erakutsiko dugu, askotan laguntza bilaketa dena.
Suizidioak prebenitzeko jendea hezi behar dela diote askok. Zelan?
Mito eta faltsukeriei aurre egin behar diegu. Jendarte osoak suizidioaren arrisku- eta babes-faktoreak zein horretara bideratzen dituztenak ezagutu behar ditu. Era berean, alarma-seinaleak eta gure artean ditugun laguntza-baliabideak ezagutu behar ditugu. Horrekin batera, sufrimendu psikikoaren aurrean, biztanlegoa laguntza eskatzen konbentzitu behar dugu.
Eta, ildo berean, komunikabideek? Zelan lagun dezakete hedabideek horretan?
Komunikabideek albisteak ematera mugatu daitezke, edo ezagutzak parteka ditzakete. Zentzu horretan, pertsona bat bere buruaz beste egiteagatik hil izana ez da albiste izan behar, batez ere tokiari edo metodoari buruzko informazioa partekatzen denean. Pertsona zaurgarrien ondoeza areagotu dezake, eta hildakoa maite dutenen inguruneari kalte egin diezaioke.
Komunikabideek, berriz, suizidioa osasun publikoko arazo bezala ikusgai jartzen dutenean, berarekin inplikatutako arrisku- eta babes-faktoreei erreparatzen diotenean, arriskua nola detektatu azaltzen dutenean, edota existitzen diren baliabideak partekatzen dituztenean, efektu prebentibo bat izan dezakete.