Gizartea -
Ikasturte hasiera
Hezkuntza Sailak eta eskola garraioko elkarteek tarifen inguruko akordioa itxi dute
Enpresek % 35-40ko igoera galdegiten zuten kostuei aurre egiteko. Azkenean, ordea, % 24,1eko igoera adostu dute bi aldeek. Erregaien prezioa hilero berrikusiko dute, eta balizko garestitzea modu proportzionalean jasoko dute.
EITB Media
2022/23 ikasturterako eskola garraiorako tarifen inguruan akordioa itxi dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eskola garraioko zerbitzua eskaintzen duten enpresek, eta, hala, ostegun honetan ikasturtea hastekoa denean, zerbitzua bermaturik egongo da, Saileko iturriek Radio Euskadiri baieztatu diotenez.
Enpresek % 35-40ko igoera galdegin dute kostuei aurre egin eta dirua ez galtzeko, baina Jaurlaritzak % 6koa baino ez omen zuen eskaintzen. Azkenean, ordea, % 24,1eko igoera bat adostu dute bi aldeek. Lau ordu eta erdiko batzar bat behar izan dute akordioa lortzeko, uztaila erdialdetik negoziatzen ibili badira ere.
Adostutakoaren arabera, hilero berrikusiko dute erregaiaren prezioa zertan den, eta irailaren 5arekin alderatuta (orduko data du izenpetutako kontratuak), batez besteko prezioan igoerarik balitz, modu proportzionalean aplikatuko litzateke erregaiaren kostuengatik ezarritako kopuruari —itundutako portzentajea % 24,1ekoa da, baina erregaiaren garestitzeari dagokiona % 20,79koa da—.
Gastu horiek guztiak Hezkuntza Sailak hartuko ditu bere gain, eta, beraz, datorren urteko aurrekontuetan jasota gelditu beharko dira.
21.000 bat ikaslek erabiltzen dute eskola garraioaren zerbitzua EAEko ikastetxe publikoetan. Azken unera arte, kolokan izan bada ere, azkenean bermatuta izango da.