Gizartea -

Hondarribiko alardea

Oihana Etxebarrieta (Jaizkibel): "Herria aldaketa gosez dago, horri erantzun behar zaio"

Aurten dira 25 urte Hondarribiko Alardean emakumeei eskopetari gisa desfilatzeko aukera ematen dien konpainia sortu zutela. Kapitainarekin izan gara festa handiaren bezperan azken 25 urteetako borrokaren balantzea egiteko, eta herrian sumatutako aldaketen berri jasotzeko.

Etxebarrieta, 2019ko alardean. Artxiboko argazkia: EITB Media.
Etxebarrieta, 2019ko alardean.
Etxebarrieta, 2019ko alardean. Artxiboko argazkia: EITB Media.

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herriko festen egun handirako ordu gutxiren faltan, "topera" dagoela aitortu digu Oihana Etxebarrieta Legrand (Hondarribia, 1987) Jaizkibel konpainiako kapitainak. Halere, hitz-asperturako tartea egin dio eitb.eus-i. Aurten beteko dira 25 urte konpainia misto eta berdinzalea sortu zutela. Urtemugara zapore "gazi-gozoarekin" heldu dela esan digu: gazia, Jaizkibelen "sorrerako helburuak lortu ez" dituztelako; gozoa, "herrian normaltasunezko begirada bat zabaltzen ari delako gure konpainiarekiko". Izan ere, pandemiak behartutako etenean, emakumeen parte hartzea eskatzeko ahots berriak sortu dira —Guztion Alardea mugimendua, esaterako— eta Jaizkibelekoak ez diren 64 andrazkok alardean parte hartzeko eskaera egin dute, Alarde Fundazioak aukera ukatu badie ere. Etxebarrietaren ustez, horrek argi erakusten du gatazkaren muina: "Arazoa ez da Jaizkibel. Arazoa ez dira duela 25 urte Jaizkibel sortu zutenak, ezta gaur egun Jaizkibel osatzen dugunok ere. Arazoa emakumeak dira, datozen lekutatik datozela". Hondarribiko Udalari eta erakundeei "ausardia" eskatu die. "Herritarrak ausartak izaten ari dira dagoeneko, demostratzen ari direlako hau behingoz amaitzea nahi dutela", azaldu digu. 

25 urte bete ditu aurten konpainiak. Zer balorazio egiten duzue? Espero al zenuten 25 urte ematea borroka horretan?

Balorazioak gazi-gozoa izan behar du. Alde batetik, oso gazia, oraindik gure sorrera helburuak lortu ez ditugulako. Oraindik ez gaude parekidetasun egoeran. Bestalde, balorazioa oso gozoa da, geroz eta konpainia handiagoa delako Jaizkibelekoa, urtetik urtera hazten ari dena. Herriko konpainia handiena gara dagoeneko. Entseguetan ikusi dugu, gero eta jende gehiagok egiten du bat gurekin, eta uste dut zabaltzen ari dela herrian normaltasunezko begirada bat gurekiko, beste konpainia bat garela iradokitzen duena, eta hori ere ospatzekoa da. Horrek guztiak jartzen gaitu gure helburuaren norabide horretan.

Pentsatzen dut bere garaian Jaizkibel sortu zutenek ez zutela imajinatuko urtebete ere iraungo zuenik egoera horrek. Duela 26 urte desfilean sartzeko lehen saiakera egin zuten emakume horiek ez zuten imajinatzen honaino helduko ginenik. Gainera, hain urte gogor eta ilunak bizi izan eta gero, egun ospatzen egon ahal izatea, gazteriak gurekin bat egitea, hori ere imajinatzen ez genuen kontu bat ere bazela uste dut. Pentsatzen dut inkontzientzia horrek, zentzu onean esanda, ekarri gaituela une honetara. Oso pozik eta harro egon gaitezke egindako bideaz, garenaz eta lortuko dugunaz.

Espero dut urte bat gehiago ere ez pasatu behar izatea alarde parekide bat lortzeko. Horretarako, ezinbestekoa da irailaren 8aren bueltan sortzen diren urduritasun eta lanak pasatuta, irailaren 9tik aurrera, elkarlanerako eta lanerako gogoa duen jende guzti hori elkartzen hastea. Nahi baldin badugu, gure eskuetan daukagu konponbidea, eta hori martxan jarri behar da.

Aurreko urteetan bezala, gutuna bidali diezue hondarribiarrei. Zein mezu helarazi nahi izan duzue? Zein da kalean sumatu duzuen erantzuna?

Gure ahotsa entzun dadila nahi genuen, zeren askotan zailtasun asko ditugu entzunak izan gaitezen ere. Guretzat oso garrantzitsua da nabarmentzea "emakumeak Alardean" esaten dugunean, guztiona den eta herritarren erabakitzeko eskubidea bermatuko duen festa bat behar dugula. Ez dugu inposatzen nork non egon behar duen. Kontrakoa, esaten duguna da nahi duenak nahi duen tokian egoteko aukera duela, eta guztiak direla aukera positiboak, aukera onak, norberak askatasunez egiten dituen bitartean. Batek toki batean egon nahi izateak ez luke inposatu beharko besteak desfilatzeko eskubide hori eduki ezin izatea. Zabaldu nahi izan dugun beste ideia da elkarrizketarako eta konponbiderako eragile bat garela, eta gogoa dugula hori martxan jartzeko.

Orokorrean, jende gehiago hurbiltzen zaigu mito batzuk jausi zaizkiola esateko. Izan ere, hemen sortu da halako historiaren kontakizun faltsu bat, zeinetan Jaizkibelek  esan eta egin omen dituen gauza batzuk zabaldu diren, benetakoak ez zirenak. Nondik gatozen, nortzuk garen eta zer nahi dugun publiko egin dugunean, eta jendeak lasaitasunez irakurri edo entzun gaituenean, konturatu dira gauzak ez direla kontatu izan diren bezalakoak.

"Entseguak oso termometro ona dira, herritarrak aldaketa gosez daude"

Nik uste dut termometro onena entseguak direla. Hor ikusten dugu Alardearen beste konpainia batzuetan parte hartzen duten mutilak gurera gerturatzen ari direla. Ikusten dugu gu ikustera geratzen dela beste konpainietako jendea. San Pedro kaletik pasatu garenean apenas sumatu dugu bizkarrik… Hori da tenperatura, eta uste dut horri heldu behar diogula, eta bereziki horri heldu beharko lioketela honen inguruan zerbait egiteko eta esateko dutenak. Hortik dator instituzio ezberdinei egiten diegun deia: 'Begira ezazue, herria aldatzen ari da, eta herriaren aldaketa gose hori eta konponbide nahi hori eskura izan lezakete nahiko balute. Bada garaia horri ausardiaz heltzeko'. Gero eta ausardia txikiagoa behar da, dagoeneko herritarrak ausartak izaten ari direlako, eta haiek demostratzen ari direlako hau behingoz amaitzea nahi dutela. Nahi dutela festa bat, alarde bat, parekidea izango dena, guztiontzat izango dena.

Herritarrak mugitzen hasi direla diozue, baina Udala gotortuta ikusten duzuela salatu duzue.

Argi eta garbi. Guk esan genuen pandemia garaia oso momentu aproposa iruditzen zitzaigula lasaitasunez hitz egiteko. Alarderik ez zegoenez, tentsioa baretzen lagun zezakeela, eta egon gintezkeela beste modu batera elkarrekin hitz egiten, hausnartzen eta bidea markatzen. Ez diote horri heldu. Gainera, garai horretan Hondarribian proiektu ezberdinak, ahots ezberdinak sortzen joan dira...  Jendea aurpegia ematen hasi da konponbidearen alde, dagoeneko ez da soilik Jaizkibel hori eskatzen duena, beste herritar askok, agian gure kideak ez direnak ere, eta bereziki gazteak, aldaketa bat eskatzen ari dira.

"Gazteek normaltasunez bizi dute aniztasuna. Ez al diegu eskainiko falta den pauso hori?"

Hondarribiko koadrila gazteak hainbat konpainiatako neska-mutilez osatuta daude, eta naturaltasun osoz bizi dute beren kideetako bat Pastelerosen ateratzea; bestea Gora Gazteaken, eta bestea, Jaizkibelen. Elkarrekin bizi dute egunerokotasuna, eta elkarrekin ospatzen dute gero irailaren 8a, parranda eta koadrilen eguna (irailaren 6a).  Horretara ohituta daude, eta normaltasunez bizi dute. Ez al diegu eskainiko falta den pauso hori, zeinetan, segregaziorik gabe, bakoitzak nahi duen konpainian baina denok batera ospatzeko aukera izango dugun? Ez al da Udala horretarako kapaz izango? Uste dut badela garaia, gazteen ahots eta eskutik helduta, ahalmen handiagoa duten horiek, beste aldera begiratzen ibili baino, ausardia eta lan egiteko gogoa izatea.

Aurten, 64 emakumek helarazi diote Alarde Fundazioari eta Hondarribiko Udalari alardean parte hartzeko eskaera. Fundazioak ezetza bota die, eta Udalak ez du erantzunik eman. Arazoa da hemen erantzuten ez duen udal bat daukagula, demostratzen duena zein gaitasun falta duen herriaren mugimenduei ere bide emateko. Horrek guztiak demostratzen duena da arazoa emakumeak garela, ez dela Jaizkibel. Arazoa ez dira duela 25 urte Jaizkibel sortu zutenak, ezta gaur egun Jaizkibel osatzen dugunak ere. Arazoa emakumeak dira, datozen lekutatik datozela. Horrek argi eta garbi erakusten du diskriminazio egoera batean gaudela. Aitzakiatan sartuta ere, duela 25 urte jendartea prest ez zegoela esatea? Tira, erosiko nizuke. Baina orain, 25 urte geroago, ez dira gai zerbait ezberdina egiteko.

Gazte horiek egin dutena prozesu bat izan da: sortu zirenean ez ziren parte hartzea eskatzen hasi, konponbidea eta elkarrizketa baizik. Inork ez zien erantzun. Beraz, zer egingo dugu elkarrizketarako gaitasunik erakusten ez duen udal batekin? Jada ez da Jaizkibelek eskatutako zerbait; herritarrek eskatutako zerbait da. Gu guztiok ordezkatzen gaituen instituzio horrek erantzun bat eman beharko lioke eskaera horri, argazki horri ezin zaio muzin egin. Jaizkibelek egun osatzen duen konpainiari ere ezin zaio bizkarra eman, eta existituko ez balitz bezala begiratu.

"Alardea antolatzea Fundazioaren esku, esku pribatuen esku uztea, akats historikoa izan zen"

Alarde Fundazioarena beste kontu bat da. Esku pribatuetan geratu da alarde publikoaren, gure festaren, antolaketa. Gutxi batzuen esku utzi da erabakitzeko ahalmena. Hori akats historiko bat izan zela argi dago, Udalaren esku egon beharko lukeelako guztiona den festa bat antolatzea.  

Entseguetan ikusitakoa eta azken urteetan sumatutakoa kontuan hartuta, zein aurreikuspen duzue biharko?

Espero dugu 2019ko egoera bera izatea: konpainia oso handi bat, babes sozial handiarekin, Kale Nagusian eta Hondarribiko beste kale guztietan festa giroz, gora eta behera ibiltzen den konpainia bat. 2019an lasaitasunez eta askatasunez parte hartzeko aukera izan genuen, eta berdin espero dugu aurten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Hondarribia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Matxismoa gaur Feminismoa gaur