Gizartea -
49. gazta lehiaketa
Arabako La Leze elkarteak lortu du garaipena Ordizian
Ilarduiako (Asparrena) elkartearen gazta erdia 9600 euroan banatu da. Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketak pandemiaren aurreko giroa berreskuratu du eta jendetza hurbildu da azokara.
N. B. | EITB MEDIA
La Leze Ilarduiako (Asparrena, Araba) elkarteak lortu du garaipena Ordiziako 49. gazta lehiaketan. Karrantzako edo ardi latxen esne gordinarekin produktuak egiten dituzten artzainak lehiatu dira. Guztira 48 izan dira aurten lehian, iaz baino bi gehiago.
La Lezeko gazta erdia 9600 euroan banatu da, eta Araban geratu da. Izan ere, Bastidako Mitarte upategiek erosi dute.
Eli Gorrotxategi irabazlaren ahotan, "" da gazta saritua. Ekoizlea oso hunkituta agertu da saria jaso duenean.
"Gauza asko daude gazta honen atzean. Orain gozatzeko momentua da. Askotan egon gara finalean, baina lehen saria falta zitzaigun, eta heldu egin da", esan du Gorrotxategik.
Ordiziako Ardi Latxa Gazta Txapelketak pandemiaren aurreko giroa berreskuratu du eta jendetza hurbildu da azokara. Aurtengo berrikuntzetako bat enkantea egin den tokia izan da. Aurten Beti Alai frontoiaren erdian egon da.
Lehiaketan parte hartzen duen gaztaren erdia dastatzeko unean epaimahaiko epaileek jaten dute, eta gazta irabazlearen erdia enkantean ateratzen da. Iaz 9.400 euro ordaindu ziren enkantean.