Gizartea -
ilargira misioa
Artemis I suziriaren jaurtiketa atzeratu dute berriro ere
Hidrogeno-hodian ihesa detektatu dute Artemis I suzirian jaurtiketa baino ordu batzuk lehenago. Ilargira bidaiatuko duen ontziaren jaurtiketa 14:17etarako zegoen aurreikusita; Euskal Herriko 20:17etarako, alegia.
agentziak | eitb media
NASAren Artemis I misioa bertan behera gelditu da larunbat honetan ere, taldea SLS suziriaren zati zentrala hidrogeno likidoz hornitzeko sisteman beste ihesaldi bat geldiarazteko lanean aritu ondoren, jaurti baino ordu batzuk lehenago, AEBko espazio-agentziak jakitera eman duenez. Misioaren egutegiaren arabera, datorren astelehenean, irailaren 5ean, irekiko da jaurtiketarako hurrengo leihoa; jaieguna izango da Estatu Batuetan.
Ihesaren gunean helioarekin presioa egin ondoren, hidrogeno likidoaren fluxua berrabiarazi dute, baina oso motel, ihesa benetan gelditu den ikusteko, Artemis I misioaren webgunean jarritako mezu baten arabera. Hala ere, arazoak konpondu barik jarraitu du. Hori dela eta, NASAk jaurtiketa atzeratzea gomendatu du.
Larunbat honetan, irailak 3, jaurti nahi zuen NASAk tripulatzailerik gabeko Artemis I misioa, Orion ontziak eta Jaurtiketa Espazialerako Sistemako suziriak (SLS, ingelesezko sigletan) osatua. Izan ere, ezin izan zuten astelehenean, abuztuaren 29an, jaurti, akats teknikoak bitarteko.
Hala jakinarazi zuen NASAk Twitter bitartez. Bertan zehaztutakoaren arabera, 14:17etan hasiko da Ilargirako bidaia (20:17etan, Euskal Herrian).
Agentzia espazialak azaldu zuen Artemis Iaren jaurtiketa burutzea oztopatu zion akatsak SLSren erdiguneko lau motoreetako batekin zerikusia zuela. Hain zuzen ere, 3 zenbakidun motoreak ezin izan zuen aireratzeko gisako tenperatura hartu.
Behin akatsa konponduta, Mike Sarafin Arteis misioko zuzendariak aurreratu zuen Artemis Iak Kennedy Zentro Espazialeko 39B plataforman jarraitzen duela, eta ziurrenik gaur bertan aterako dela espaziorantz.
Artemis Iaren helburua da, tripulatzailerik gabe oraindik, aurrerantzeko misioetarako lehen pausoa izatea. Hala, azken xedea astronautak Ilargiko gainazalera itzultzea litzateke, eta datozen hamarkadetan zehar gizakien presentzia ahalbidetzea, epe luzera.
Asmoa da 2024rako NASAk Artemis II bidaltzea. Aurrekoaren ibilbide berdina egingo du, baina tripulazioarekin oraingoan, eta hurrengo urtean gauza bera egingo du Artemis III misioak. Gainera, azken horrek emakume beltz bat bidaliko du lehen aldiz Ilargira.