Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Seaskako presidentea: "100 bat ikasle gehiago ditugu aurten, desafio handia da"
Peio Jorajuria Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioko arduradunak argitu duenez, aurten ez dute ikastola berririk irekiko, baina Senperen (Lapurdi) kolegio berria eraikitzeko lanak hasi dituzte.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Peio Jorajuria Seaskako presidentearen hitzetan, gaur abiatu duten 2022/23 ikasturteko datu zehatzen faltan, 100 bat ikasle gehiago dituzte aurten Ipar Euskal Herriko ikastola eta kolegioetan. Sartze eguna dute gaurkoa Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroan Beherean, eta pandemia tarteko bi urteko murrizketen ondotik, normaltasunez abiatu dituzte eskolak.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa laburrean, Jorajuriak esan du ikasle kopuruaren igoerak "desafioa handia" ekarriko diela ikastolei eta erronkak ere "milaka" direla, lehena, azterketak euskaraz egin ahal izatea. "Jarraituko dugu azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen, joan den ikasturtean aitzinamendua lortu genuen baina neurririk ez, eta ikasturte hasieran aldarrikatuko dugu brebeta osorik euskaraz egin ahal izatea eta baxoa ere bai", azaldu du Seaskako arduradunak.
Zehaztu duenez, aurten ez dute ikastola berririk irekiko, baina Senperen (Lapurdi) kolegio berria eraikitzeko lanak hasi dituzte. 2023/24 ikasturterako prest izango da.
Inflazioak familiengan edo ikastolako langileengan arazorik eragin ote duen galdetuta, Seaskako presidenteak adierazi du oraingoz ez dutela sendietan eraginik nabaritu, baina aitortu du "dena" dagoela garestiago. Horren aburuz, "irakasle batzuen kasuan, lanpostu finkorik ez duten edo elbarrituen laguntzaileak diren horientzat, urtea biziki zaila izan liteke aurretik ere prekarietatea zutelako eta soldata biziki apalak zituztelako".
Osasun murrizketarik gabe abiatuko dituzte eskolak, eta "anitz eskertu" dute neurririk ez egotea, murrizketak "pisua" izan direlako harreman sozialerako. Jorajuriaren hitzetan, "askatuak gara, libre, baina zainduko dugu, jakin badakigulako neurriak etortze ahal direla, eta antolaketak prest ditugu, badaezpada".