Gizartea -
bilboko aste nagusia
Aburto: "Aste Nagusi historikoa izan da, marka guztiak hautsita, eta 1.600.000 pertsona baino gehiagorekin"
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak jaiek utzi dutenaren lehen balantzea egin du horiek amaitzeko ordu gutxi falta direnean. Zifrak "historikoak" izan dira, inoiz baino bisitari gehiago jaso dituen Aste Nagusi batean.
i.l.k. | eitb media
Marijaia erretzeko ordu eskas falta direnean, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak 2022ko Aste Nagusiak utzitakoaren lehen balantzea egin du igande goizean, "oso positibotzat" jo duena, "aparteko giroarekin" garatutako festak. Aurten, gainera, jai horietako inoizko bertaratze eta ekitaldi zifrarik altuenak erregistratu dituzte.
"Ikusgarria izan da Aste Nagusi hau", adierazi du Aburtok, "marka guztiak hautsita eta, hortaz, historikoa". Guztira, "1.600.000 partaide baino gehiago" bertaratu dira aste honetan hiribildura bertako jaiez gozatzera.
Jendetza horrek ekarri duen "eragin ekonomiko handia" ere nabarmendu du alkateak. Lehen estimazio batean, "110.000.000 euroko eragin ekonomikoaz ariko ginateke" baita "1.700 lanpostu baino gehiagoren sorreraz" ere.
Era berean, jaiak posible egin dituztenei eskerrak eman, eta zoriondu nahi izan ditu, eta aipamen berezia egin die "polizia eta garbiketa zerbitzuei eta konpartsei".
"Jaiak hasi aurretik, gozamena, ilusioa, poza eta errespetua eskatu nituen", oroitarazi du, "eta gaur esan dezakegu sobera bete eta gainditu dugula helburu hori".
Amaitzeko, Aburtok eskerrak eman dizkio Bilboko gizarteari "haren konpromiso eta parte hartzeagatik", baita "egunotan bisitatu gaituzten pertsona guztiei ere, hiriko enbaxadore eta munduko jairik onenen enbaxadore izan daitezen".