Gizartea -
gertaera
Lau txosna eta hiru etxebizitza hustu behar izan dituzte Bilbon piztutako sute batengatik
Sutea 23:10 aldera piztu da bart, eta kalte handiak eragin ditu Epalzaren Alarguna kaleko bi etxebizitzatan, txosna gunearen ondoan. Etxetik atera dituzten bizilagunak hoteletara eraman ditu Udalak.
I.G. | EITB MEDIA
Bilboko Epalzaren Alarguna kalean sutea piztu da bart, eta, ondorioz, 8, 9 eta 10 zenbakiko atarietan bizi diren bizilagunak etxetik atera eta lau txosnatan zegoen jendea lekuz aldatu behar izan dute.
Sutea 23:10 aldera piztu da, su artifizialak bukatutakoan, ke eta su gar handiak sortuta, eta bi etxebizitzetako teilatuetan kalte handiak eraginda.
Ondoren, aurretik aipatutako etxebizitzetan bizi diren pertsonak, zortzi guztira, atera dituzte. Gainera, musika kendu, eta txosna gunean zeuden milaka pertsona mugiarazi behar izan dituzte.
Juan Mari Aburto alkateak hedabideei egindako adierazpenetan esan duenez, oraindik ez dakite sua zerk eragin duen, baina momentuz "ezin da esan su artifizialek eragin dutela".
Zehatz-mehatz, hustu dituzte txosnak Txomin Barullo, Hontza, Pinpilinpauxa eta Abante dira. Ez da inolako istilurik izan, larrialdietako zerbitzuek egindako lanari eta txosna gunean zeuden milaka pertsonaren jarrerari esker.
03:00ak aldera sutea guztiz kontrolpean izatea lortu dute, eta jendea txosnetara bueltatu ahal izan da. Halere, Hontzak eta Pinpilinpauxa txosnak ez dira normaltasunera itzuli gau osoan, edariak saldu ahal izan dituzte, baina musika barik.
Bestalde, etxebizitzak "ezegonkor" daude oraindik, hori dela eta, bizilagunek ezin dute etxeetara itzuli, soilik sartu ahal dira suhiltzaile batek lagunduta.
Gaur goizean, kaleak itxita egon dira, baina dagoeneko zabaldu dituzte, eta zortzi bizilagunak hoteletara eraman ditu Udalak. Gainera, ikerketa hasi du sutea zerk eragin duen argitzeko.
Itxaropena kalea, itxita, gaur goizean. Argazkia: EITB MEDIA