Gizartea -
Larrialdi klimatikoa
Europar Batasunaren % 64 azken 500 urteetako lehorterik okerrena pairatzen ari dira
Ur faltak laborantzan, energia hidroelektrikoaren ekoizpenean eta ibaiko garraioan eragiten du. Halaber, muturreko beroaren ondorioz, Europar Batasuneko hainbat herrialdeetan suteak izateko arriskua areagotu egin da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasuna azken 500 urteetako lehorterik handiena sufritzen ari da, Europako Batzordearen Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera.
Europar Batasunaren % 47 "egoera kezkagarrian" daude, eta % 17, "alertan", inoiz baino euri gutxiago egin duelako. Guztira, Europako lurraldeen % 64 abisu edo alerta egoeran daude lehorteagatik.
Ikerketaren arabera, Mediterraneoko kostaldean izango dira tenperaturarik altuenak eta ohi baino bero handiagoa egingo du, azaroa bitartean. Gaur emandako datuak behin-behinekoak badira ere, ikertzaileek adierazi dute azken 500 urteotako lehorterik handiena dela.
Testuinguru honetan, Europako Batzordeak ohartarazi du arto-alearen, sojaren eta ekilorearen ekoizpena % 16, % 15 eta % 12 murriztuko dela, hurrenez hurren, azken bost urteotako bataz bestekoarekin alderatuta.
Horrez gain, ikerketan nabarmendu dute Espainiako urtegiak bere edukieraren % 58an daudela, azken 10 urteotako bataz bestekoarekin alderatuz gero. Andaluziako eta Extremadurako ur erreserbak, berriz, % 30ean daudela erantsi dute.
Muturreko beroaren eta ur faltaren ondorioz, suteak izateko arriskua oso handia dela ohartarazi dute.
Bestalde, Portugalen, urtegietan pilatutako energia hidroelektrikoa erdira murriztu dela eta, ondorioz, ureztatzeko arazoak izan daitezkeela azpimarratu dute.
Halaber, ur falta ibaiko garraioan eragiten ari da. Herbehereetan, adibidez, ikatza eta petrolioa garraitzen duten ontzien joan-etorria murriztu behar izan dute.